Ihote bakaikuarrek joan den urteko berritasunari eutsi diote. Hala, txikien artean kamarro-zaletasuna sustatzeko haur-segizioa iragarri dute biharko ere. Kamarro txikiak kalejiran 12:30ean abiatuko dira. Haien segizioak herrian barnako kalejira egin ondoren, Bakarrekoetxea elkartean bazkaria izanen da, 14:00etan. Majo bazkaldu eta gero, 17:30ean, kamarro kalejira hasiko da. Aurrena, han beiti ibiliko dira, gero han goiti ibiltzeko. Etxez etxeko erronda luzea plazan despedituko da. Ihote parrandari segida emateko elkartean disko-jartzaile batek dantzarako musika jarriko du 22:30etik aurrera.
Kamarroak erraz asko identifikatu daitezkeen pertsonaiak dira. Askok zapiz estaltzen dute aurpegia. Buruan txanoak eraman ditzakete. Edo edozein animaliaren buru-hezurra edo adarrak. Soinean arpilerak, farak, asko odolez zikinduta daude. Eskutan Sakanako zigor luzeenak dituzte, bizpahiru metrokoak. Ihote segizioak gurdi bat eta bi kamarrok tira egiten dioten golda ere bada. Azken horrek ereitea irudikatzen du.
Asteartean, bestalde, haur-ihotea ospatuko da Bakaikun. Txikiek eta gaztetxoek elkartean elkarrekin bazkalduko dute. Santa Ageda bezperan kopla kantari ibili ziren eta han jasotakoarekin pagatuko dute bazkaria. Mahaitik jaso ondoren, mozorroak jantzi eta herrian barna kalejiran ibiliko dira. Akaberan txokolate-jana izanen da. Txikiek despedituko dituzte aurtengo ihoteak Bakaikun.