Disko jaurtiketa

55,70 metrorekin Europara

Guaixe 2020ko mar. 6a, 12:30

June Kintana Larraza martxoaren 21ean eta 22an Portugalen jokatuko diren Europako Jaurtiketen Kopan arituko da, Castellonen 55,70 metroko disko jaurtiketa egin eta Europan aritzeko minimoa lortu eta gero. Asteburuan Espainiako Jaurtiketa Luzeen Neguko Txapelketan ariko da jaurtitzaile bakaikuarra, Motrilen

Urte hasieran zuen helburua lortu du June Kintana Larraza disko jaurtitzaile bakaikuarrak: martxoaren 21ean eta 22an Leirian (Portugal) jokatuko den Europako Jaurtiketen Kopan aritzea. Horretarako 55 metroko jaurtiketa gutxienekoa egin beharra zuen atleta sakandarrak eta bi aukera zituen: Espainiako Atletismo Federazioak larunbatean Castellonen antolatutako kontrola, eta asteburu honetan Motrilen jokatuko den Espainiako Jaurtiketa Luzeen Neguko Txapelketa. Eta Castellongo kontrolean lortu zuen gutxienekoa Junek, kilo bat pisatzen duen diskoa 55,70 metrora jaurti baitzuen, urte honetako Espainiako emakumezkoen disko jaurtiketa onena. 6 metro atera zizkion Mar Morant jaurtitzaileari (49,10 m). “Europako Koparako gutxienekoa lortu dut, 55,70 metro jaurti nituen eta oso kontentu nago” adierazi digu bakaikuarrak. 

Junek aitortu duenez, halako markak egitea kosta egiten da. “Ez da erraza, baina azkenaldian entrenamendu onak egiten nenbilen eta lortu dut” adierazi du. Asteburuan Espainiako Jaurtiketa Luzeen  Espainiako Txapelketa jokatuko du Granadan, Motrilen, eta hori da bere hurrengo erronka. Bertan ahalik eta lan onena egin nahi du “eta ondoren Europako Kopa prestatzen hasiko naiz” gaineratu du. 

Juneren markarik onena 56,30 metrokoa da (2017, Europako 23 urtez azpiko txapelketa, Polonia), eta joan den urtean egin zuen markarik onena 55,72 metrokoa izan zen, Zaragozan. Aurten bide onean doa, dagoeneko 55,70 metro lortu baititu, eta ea marka gehiago datozen.