Ekhi Etxeberria Bakaikuko zinegotzia da.
Bakaikun laguntza sarea sortu da. Nola sortu zen?
Udal taldean larunbatean bertan, larrialdi egoera hasi behar zenean, pentsatu genuen agian jende batek laguntza behar izango zuela bai erosketak egiteko eta baita beste behar batzuetarako ere. Pentsatu genuen herrian talde bat sortzea, babes sare bat edo elkartasun sare bat, pertsona horiei lagundu ahal izateko.
Elkartasun taldearen zereginen artean ondokoak aipatzen dituzue: erosketak egin eta etxera eramatea, botikak eramatea, etxean menpekotasun egoeran dagoen norbait izanez gero laguntza eskaintzea… egoera hau gehiegi luzatzen bada ere akaso beste behar batzuk sortuko dira.
Halako ekimena erosketekin lotzen da, baina gure kasuan erosketetatik haratago doa. Erosketak egitetik aparte beste batzuk eskaintzen ditugu: txakurra badute paseatzea, haurrak zaintzea... eta azkenik egon daitezke pertsona batzuk bakarrik daudela eta beraien beharra norbaitekin hitz egitea dela, edo euren kezkak norbaiti azaltzea. Horretarako sortu dugu ere babes sare hau.
Zenbat boluntario zaudete?
Oraingoz 45 gaude lan taldean, 45 pertsona lan egiteko prest. Kopuru handia da. Bakaiku herri txikia izanik, normalean herritarrek senitartekoren bat edo bizilagunen bat izan dezakete gertu, laguntza eman ahal dietena. Baina prest egon behar dugu; laguntza ematen duten pertsona horiek gaixotzen badira, bakarrik gelditu ahal dira, eta edozein erantzun emateko prest egon beharko dugu.
Laguntza behar izanez gero, nora deitu behar da?
Laguntza behar izanez gero 622 268 161 telefonora hots egin behar da. Bestalde, medikamenduak etxez etxe banatzeko aukera dago eta horretarako 948 563 450 telefonora hots egin behar da edo Whattsap bidez 657 702 178 telefonora mezua bidali.
Nola informatu dituzue herritarrak?
Udal langileek idatzi bat etxez-etxe informazio orria banatu zuten, segurtasun neurriak hartuta, eta medikuak, herriko dendariak eta herriko botikariak ere informazioa banatzen ari dira, bakarrik bizi direnei edo edadetuei telefonoak eman dizkiete. Herritarrak oso pozik eta eskertuta daude ekimenarekin.
Auzolana da hau, eta halako ekimenek erakusten dute herri baten muina zein den.
Duela 8 hilabete auzolana aurrera eramatea erabaki genuen herri galdeketa batean eta hau ere auzolan moduko ekimen bat da, elkartasun sare bat. Gurea herri txikia da, agian gure herritarrek behar handiak ez dituzte, baina gure artean elkar zaintzen eta elkar babesten ez bagara, ez gaitu inork gehiago zainduko. Elkartasuna eta auzolana gure herriko balore ezinbestekoak dira.