June Kintana Larraza lehen mailako kirolaria da. Errendimendu Handiko Leongo Teknifikazio Zentroan entrenatzen du Bakaikuko disko jaurtitzaileak, eta bertan egiten ari da albaitaritza ikasketak. Baina koronabirusaren itxialdia pasatzera etxera etorri zara, Bakaikura.
Itxialdia Bakaikun pasako duzu.
Koronabirusarengatik Leongo Unibertsitatea eta Leongo Errendimendu Handiko Teknifikazio Zentroa itxi dituzte, entrenatzen dudan tokia, eta nahiago nuen Bakaikun lasai egon, Leonen pisuan egon beharrean. Gehiago aspertuko nintzateke han. Esan zidatenean dena itxiko zutela, berehala maleta egin eta hona etorri nintzen, banekielako oso zorrotz jarriko zirela desplazamenduekin eta kalera ateratzeko asuntuarekin. Baina baditut Leonen geratu diren entrenamendu kideak, etxean sartuta, bakoitzak ahal duen moduan entrenatzen.
Hilabete hau oso garrantzitsua zen zuretzat. Martxoaren 7an Espainiako Neguko Jaurtiketa Luzeen disko jaurtiketa Txapelketa irabazi zenuen, 52,10 metroko jaurtiketarekin, baina aste bat lehenago, Castellongo kontrolean, 55,70 metroko jaurtiketa egin zenuen eta asteburu honetan Leirian (Portugal) jokatzekoak ziren Europako Jaurtiketen Kopan aritzeko gutxienekoa (55 m) lortu zenuen. Baina koronabirusarengatik bertan behera geratu da Kopa.
Bai, horrela izan da. Martxoaren 21ean eta 22an Europako Jaurtiketa Luzeen Kopan aritzea zen nire hurrengo helburua, baina duela aste eta erdi esan ziguten Kopa atzeratuko zela; ez zuten bertan arituko ginenen selekziorik ere atera. Datorren astean Suitzan biltzekoak omen dira European Athletics-eko arduradunak, bertan behera gelditu diren txapelketekin zer egin erabakitzeko. Oraindik ez dakigu, baina baliteke Europako Kopa bertan behera uztea, hurrengo urterako uztea. Egia esan, nahiko izorratuta gaude, neguko helburu nagusia baitzen Kopan aritzea.
Europako txapelketa batean aritzeko gutxieneko horiek lortzea oso zaila da, eta amorrua eman behar du ezin aritu izana.
Gainera, orain arteko txapelketa mailetan negurik hoberena izan dut. Castellonen lortutako marka horrekin Europarako sailkatu nintzen eta niretako berri oso ona zen. Gogo handia nuen joateko, baina bertan behera gelditu denez… etxean egon beharra, mundu guztia bezala, asuntua nola garatzen den pixka bat ikusi arte.
Lehen mailako kirolaria zara, puntakoa. Atletek, zure kasuan, disko jaurtitzaileek, ez duzue astero liga bat jokatzen, txapelketa gutxiago dituzue. Baina txapelketa horiek behar bezala prestatzeko zuen eguneroko entrenamenduetatik ezingo zarete milimetrotik bat ere mugitu, ezta?
Bai. Txapelketa gutxiago ditugunez, txapelketa horietan urte osoan egindako lan guztia eta landutako teknika guztiak jokoan ditugu. Txapelketa horietara fisikoki egoera oso onean iritsi behar dugu, eta ahalik eta hobekien egin beharko dugu lana, ez dugulako talde-kiroletan dituzten bezainbesteko aukera. Hiru liga edo txapelketa ditugu bakarrik. Orduan, ahalik eta egoera fisiko onenean iristeko eta ahalik eta hobekien egoteko gogor entrenatu behar dugu.
Koronabirusak neguko txapelketa zapuztu dizue.
Ez bakarrik negukoa, udakoa nik uste ere bai. Orain txapelketa guztiak atzeratu beharko dira... Espainiako Udako Txapelketa goiz jokatu behar zen aurten, San Juanak pasata. Normalean uztail bukaeran izaten da, baina aurtengo Joko Olinpikoengatik hilabete bat aurreratu zuten. Eta orain… nik uste duten aukera bakarra dena atzeratzea dela, bai Joko Olinpikoak eta baita estatu mailan ditugun txapelketak ere... den-dena.
Guztia hankaz gora dago.
Bai, eta onartu duten lege horrekin, etxetik ezin zarela atera... Ez dut entrenatzeko behar dudan materiala, eta ditudan errekurtsoekin moldatu beharko naiz.
Zure ohiko entrenamendu bat nolakoa da Leonen? Eta orain nola zabiltza entrenatzen?
Leongo entrenamenduak astelehenetik larunbatera dira. Egunero 3 edo 4 entrenamendu ordu ditugu. Teknika 3 edo 4 egunez egiten dugu; kanpora ateratzen gara han ditugun zirkuluetara eta 50 jaurtiketetatik gorako entrenamenduak egiten ditugu egunero. Gero, barrura sartu eta denetarik: distantzia motzeko korrika serie batzuk egiten ditugu, saltoak ere, harezko fosora bi hankekin batera salto egiten dugu, edo hainbat ariketa, hesiekin ere ariketak egiten ditugu, eta egunean ordu eta erdi edo bi ordu gutxienez indarra lantzen dugu gimnasioan, pesak eta halakoak. Hori guztia ezin dut etxean egin; hemen nagoela ariketa aerobikoa da egin dezakedana, orain modan dauden ariketa horiek. Abdominalak eta halakoak egingo ditut etxean. Jaurtiketak ezin ditut egin. Larreren batera joan nahiko nuke, jaurtiketak egitera, baina ezinezkoa da, isunak ez dira txikiak.
Egun hauetan zure maila jaitsiko dela pentsatzen duzu? Geldialdi hau nabarituko duzu?
Nabarituko dut, baina nik uste dut fisikoki ongi mantentzen banaiz, esan dizudan ariketak egiten baditut, bueltatzerakoan lehenengo astean martxa hartzea kostako zaigu, baina behin jarrita bi-hiru astetara berriz gorputzak sumatzen du edo hasten da hobetzen edo galdutako muskulua garatzen. Nik aurreko denboralditik oraingo denboraldira bitartean ia ez dut deskantsurik izan; irailean aste eta erdi hartu nuen atseden eta gero entrenatzen jarraitu nuen. Beraz, nik uste ez dela ezer gertatuko orain bizpahiru aste “geldirik”, etxean ariketa aerobikoa egiten banago.
Noiz esango dizuete ea bi aste hauek luzatzen ote diren?
Gure esku ez dagoenez, pentsatzen dut itxarongo dutela bi aste hauek pasata ea Gobernutik zer esaten duten. Datorren astearen bukaeran uste dut esango dutela ea gauza hobeto dagoen edo etxean sartuta jarraitu beharko dugun. Entranatzaileak ere ez daki zer gertatu behar den.
Zure hurrengo helburua zein izango da, udako txapelketak?
Bai, Jaurtiketa Luzeen Espainiako Udako Txapelketa eta gero, Joko Olinpikoak izango dira, ez badituzte atzeratzen. Jokoetara joateko gutxienekoa oso zaila den arren –63,5 metro–, aurten beste sistema bat jarri dute martxan, puntuen sistema deitzen zaiona, eta sistema hori txapelketa ezberdinetan hainbat puntu lortzean datza. Ligek puntu gutxi ematen dizkizute, Espainiako Txapelketak puntu gehiago, eta kanpoko txapelketak, adibidez Europako Kopak, bertan behera utzi dutenak, horrek ere puntu dezente ematen dizkizu. Joko Olinpikoetara 32 atleta doaz, eta zenbat eta puntu gehiago lortu, postu horietara gerturatzeko aukera gehiago duzu. Beraz, puntuatzen duten txapelketa horietan parte hartzen saiatuko naiz, ahalik eta puntu gehien lortzeko. Gutxienekoa zaila da lortzen, baina puntuen sistemarekin 32 horien artean sailkatzea lortu daiteke. Gero Europako Jaurtiketen Txapelketa dago, Parisen jokatuko dena, eta bertan parte hartzeko gutxienekoa ere lortu nahiko nuke: 58 metroko gutxienekoa.
Hortaz, badituzu erronka eta motibazio nahikoak.
Bai (kar, kar).
Ea datozen hitzordu horietara ongi iristen zaren, puntuak lortu eta Olinpiar jokoetan aritzeko aukerarik duzun. Zintzoki, Olinpiar Jokoetan egoteko aukerak ikusten dituzu?
Ez dut kontu honekin obsesionatu nahi. Zaila da, baina ez da ezinezkoa. Beti pentsatu beharko duzu esperantza pixka batekin lortu daitekeela. Eta eguneroko lanarekin konfidatuz, ba... nork daki?
Beti esaten duzu Bakaikura nahi baino gutxiago etortzen zarela. Ez zara baldintza onenetan etorri, etxean itxita egon behar duzulako, baina etxekoekin egotea eta haien mimoak jasotzea ongi etorriak dira, ezta?
Bai, oso gustura nago, ongi moldatzen gara etxean. Eta, jakina, mimoak oso ongi etorriak!