COVID-19 gaixotasunagatik kutsatutako eta hildako pertsonen kopuruak entzuten eta irakurtzen ditugu hedabideetan. Zifrek pertsona horiek anonimo egiten dituzte. Baina oraingoan ez da horrela, gaitzaren eraginez bakaikuar bat hil baita. Hori dela eta, Bakaikuko Udalak oharra kaleratu du, “zendu berri den gure herritarraren familia eta senideei momentu latz hauetan doluminak” emateko.
Horrekin batera, Bakaikuko Udalak herritarrei eskatu die “zentzuz jokatzeko eta osasun arloko adituen gomendioei kasu” egiteko. “Horregatik, ezinbestekoa da etxetik ez ateratzea. Bakarrik beharrezkoak diren zereginak egitera ateratzea, beti ere, segurtasun neurriak hartuz”. Aldi berean, Bakaikuko Udalak gogorarazi du herrian Elkartasun Sarea sortu dela: “herritar talde bat dago edozein pertsonak dituen beharrei erantzuna emateko prest. Laguntza behar baduzu deitu 657 702 178 telefonora”.