Gaixo asko bai, baina Covid-19 birusagatik hildako gutxi izan dira Alemanian, iturri ofizialek diotenez. Hortaz, konfinamendua Baviera estatuan bakarrik ezarri dute. 2015 urtetik Oihane Ondarra Larrea ingeniari bakaikuarra Alemaniako Hilchenbach herrian bizi da.
Zein egoeratan zaudete?
Ni bizi naizen Estatu Federalean lanera joan gaitezke eta kalera atera gaitezke. Nahiko ondo oraingoz. Baina Bavierako Estatuan, adibidez, konfinamendua jarri zuten, eta uste dut Euskal Herrikoaren nahiko antzekoa dela, baina kirola egitera edo paseo bat ematera atera zaitezke. Hori, momentuz, Bavieran. Hemen distantziamendu soziala deitu diotena dago. Kaletik ibiltzen bazara, ezin zara bi pertsona baino gehiagorekin ibili. Pertsona gehiago joatekotan multa jartzen dizute. Irakurri dudanagatik ere familia bat elkarrekin joan daiteke, hau da, gurasoak eta seme-alabak ondoan, distantzia mantendu gabe. Oraingoz hori da egoera.
Kalean neurriak betetzen dira?
Denetarik ikusi dut. Nik uste dut jende helduak eta familiek baietz betetzen dutela. Baina gazteak ikusi izan ditut bosnaka edo taldeka ibiltzen direla. Esaterako, jartzen dira pertsona batzuk autobusaren zain, eta ez dakit benetan zain dauden edo ez, baina hor elkartzen dira. Baina orokorrean betetzen ari direla uste dut. Gainera, isunak nahiko garestiak dira, 200 eurotik gorakoak, eta jendea nahiko kontzientziatuta dago.
Zer neurri gehiago hartu ditu Alemaniako Gobernuak?
Duela hiru aste, martxoaren 13an, ikastetxeak eta unibertsitatean itxi zituzten. Justu ostiral bat zen eta hurrengo astelehenean zinemak, igerilekuak, kiroldegiak eta horrelako zentruak ixteko agindua eman zuten. Gero tabernak eta jatetxeak itxi zituzten. Hasieran 18:00ak arte irekita utzi zituzten, baina nik uste ez zuela zentzu handirik eta horregatik berehala guztiz itxi zituzten. Irekita daude etxera janaria bidaltzen badute edo zuk etxera eramateko aukera duzun horiek, baina kafetegi batean esertzekoak eta horrelakoak itxita daude. Aurreko astetik distantziamendu soziala jarri zuten Estatu Federal guztietan, Bavieran izan ezik. Uste dut Berlinek ere konfinamendua jarri nahi duela, baina ez dakit oso ziur zein den egoera. Mugak itxi zituzten ere.
Beraz, hiri handiagoetan konfinamendua aurreikusten dute?
Ez dakit. Egia da Berlinek biztanle asko dituela, baina hemen nire inguruan Kolonia dago Alemaniako hirugarren hiri handiena, eta Frankfurt, bigarrena, eta horietan oraindik ez dute ezer esan. Orduan, ez dakit zeren araberakoa den. Erabaki politikoak direla diote batzuk, izan ere, batean konfinamendua jartzen badute besteetan ere jarriko dutela…. Oraingoz, Bavierak aste bat darama konfinamenduan eta hemen distantziamendu sozialarekin. Nik uste azkenean hemen ere konfinamendua ezarriko dutela, ez dakit.
Gaixoen datuei begiratuta, Alemania kasu paradogikoa dela diote. Nolakoa izan da garapena?
Denetarik entzuten da. Orain hedabide batek gauza bat esaten du eta besteak beste bat. Egia da hildako gutxi daudela Espainiar Estatuarekin alderatuta. Hemen 20.000 gaixo gutxiago daude eta hildakoak ez dira (aurreko astelehenean) 200era iristen. Esaten dute test gehiago egin direla eta horregatik ratioa desberdina dela. Ez beste ezerrengatik. Nik ez dut laneko edo inguruko inor ezagutzen gaixo dagoenik edo sintomak dituenik. Irakurri dudanez, hemen, Siegerland barrutian, 250.000 biztanle daude eta momentuz 104 gaixo. Horrela ikusita ez dirudi asko, oraingoz, baina igotzen joan da azken egunetan.
Garapena zein izango den aurreikusten dute? Kurba delakoa aipatzen dute?
Bai, baina irakurtzen duzun hedabidearen araberakoa da. Distantziamendu sozialarekin kurba motelduko dela diote batzuk, beste batzuk horrela jarraituz gero ospitaleak kolapsatu egingo direla. Hemen adibidez, ondoko herri batean dagoen ospitalea hamar urtez itxita egon da eta orain ireki dute badaezpada martxan jartzeko; premia sortzen bada. Orduan, hedabideek denetarik aipatzen dute eta kalean ere denetarik entzuten da. Badago jendea esaten duena hemen ez dela ezer pasatuko 28.000 ohe hutsik daudelako eta Italian 5.000 ohe zeudelako, eta horregatik lasai dagoena. Eta badago jendea okerrena ikusten duena. Egia esan, supermerkatuetan komuneko papera, irina, azukrea… eta horrelako produktuak bukatu ziren, han bezala. Jendeak ez daki zer pentsatu.
Zuri pertsonalki bizitza aldatu zaizu?
Egia esan, bai. Adibidez, distantzia sozialaren barruan sartzen da ezin zarela beste batzuen etxera bisita egitera joan, eta familiakoa bazara bakarrik pertsona bat joan daiteke. Orduan, laguneik ezin zara gelditu edo ezin zara inoren etxera joan. Bizi zaren pertsonarekin egon behar zara, lanekoekin, eta gutxi gehiago. Gauzak itxita daude, kafetegia eta dendak, bakarrik supermerkatuak eta oinarrizko produktuen dendak daude zabalik. Baina behintzat kalera atera gaitekez. Nahiko abantaila da. Ez gara kexatuko.
Nola bizi izan dituzu hemendik iristen zitzaikziun albisteak?
Hasieran nik uste denok bezala. Jendeak pentsatzen zuen ez zela ezer, gripe bat zela eta ez zion garrantziarik eman. Familiak ere ez zion garrantzia handirik ematen. Ez zela larria pentsatzen zen. Baina egun gutxitan dena aldatu zen. Gasteizen hasi zen eta orduan jendea larritzen hasi zen. Grafika hori ikusita ni ere hasieran larritu nintzen. Baina badirudi ohitzen zarela edo horrekin bizitzen ikasten duzula. Leku guztietan berdin gertatu dela uste dut. Bazirudien ez zela iritsiko eta gero iritsi da. Italian sartu zen, gero Espainiar Estatuan eta nik uste hona ere iritsiko dela. Badirudi hemen ospitale aldetik hobeki prestatuta daudela, zenbakien arabera horrela dirudi, baina ikusiko dugu. Hasieran jendeak esaten zuen, baina nola itxi behar dituzte eskolak? Eskolak itxi zituzten eta hiru egunetara Austriarekin, Suizarekin eta Frantziarekin muga itxi zuten. Inork ez zuen espero egun batetik bestera horrelako aldaketa.
Eta pertsonalki nola bizi izan duzu?
Azkenean han egongo banintz etxean egon beharko nintzateke. Beraz, ez dut aldaketa handia nabaritzen. Gainera, zerbait larria gertatzen bada nahiz eta konfinamendua egon eta mugak itxita egon, erresidentea naizenez joateko aukera izango nuke. Bidaia horiek bai onartzen dituztela.
Albistegiek zer diote hemengo egoerari buruz?
Alemaniar asko Mallorkara eta Kanarietara joaten dira, orduan hasieran asko bertan gelditu ziren ezin itzuli eta hoteletan konfinaturik. Hori kontatzen zuten. Gero ospitaletako kaosa aipatzen zuten, lekurik ez zegoela… Osasun asistentzia aldetik beharrak agerian uzten dituzte. Hasieran Italia izan zen protagonista eta orain Espainiak ere lekua hartu du; Italiaren antzekoa.
Eta zer diote hemen hartutako neurriei buruz?
Ospitaletan erakusten duten egoera ikusita, konfinamenduarena ondo iruditzen zaie. Eta horregatik ere nik uste hemen jendeak konfinamendua espero duela. Lanean ziurtagiri bat prestatu digute non bizi garen eta non egiten dugun lan azaltzen duena, badaezpada. Beraz, nik uste jendea itxoiten ari dela noiz iritsiko den, nahiz eta ospitaletan momentuz egoera ongi dagoen. Kolapso arriskurik ez dago, baina horrela jarraituz gero agian bai. Azkenean, estatistikak eta zenbakiak dira.
Pixkanaka ari dira erabakiak hartzen.
Bai. Momentuz egoera honetan apirilaren 19ra arte egongo garela esan dute. Ez dakigu neurri zorrotzagoak hartuko dituzten. Hemen industriak garrantzia handia dauka. Ekonomia aurretik doa. Nik uste lanera ez joatearena ez dela gertatuko gauza asko-asko okertu arte. Alemania herri industriala da eta ezin dela geratu esaten dute. Jendeak hori esaten du: Baina nola gelditu behar dugu industria? Bada begira Italian edo Espainiar Estatuan, azkenean, gertatu dena. Ez da beste aukerarik egon. Hemen ikusiko dugu. Oraingoz egoera ez dago hain gaizki, baina nork pentsatuko zuen Italian edo Espainian gertatu dena.
Laster Aste Santuko oporrak izango dira. Etortzeko asmoa zeneukan?
Ez, baina ahizpa etorri behar zen bisitan. Hegaldia urtarriletik hartuta zuen eta bertan behera utzi diote. Gainera, konfinamenduan dago, ezin da atera, baina bertan behera geratu da bidaia. Nik ere ez dut planteatzen bidairik. Gauzak momentu batetik bestera aldatzen dira eta ez dut planteatzen ezta inguruetara joatea ere. Jende askok ere udako bidaiak bertan behera utzi ditu. Nik ez nuen ezer aurreikusita, baina hegaldiak zituztenek nahiago izan dute bertan behera utzi, lasai gelditu, eta ez egotea joan ahalko diren edo ez begiratzen.
Aurrerago etortzea aurreikusita zeneukan?
Bai. Maiatzean lagun baten ezkontzara joan behar nuen, eta ez dakigu ospatuko den edo ez. Maiatza hasieran da eta seguraski ez dela egingo baina oraindik ez dakigu. Hegaldia Gabonetatik daukat hartuta, baina esan dutenez Gasteizko hegaldiak ekainera arte bertan behera gelditu dira. Ez dut ezer jaso, baina nik uste hegaldia kantzelatuko didatela, eta ezkontza seguraski ere. Dena pixka bat airea dago. Ez dakigu aste batera edo hemendik hilabete batera nola egongo den egoera.