Disko jaurtiketa

June Kintana, Espainiako txapeldunordea

Guaixe 2020ko ira. 14a, 12:00
June Kintana kazetariei azalpenak ematen, Madrilen.

Espainiako Atletismo Txapelketa absolutuetako emakumezkoen disko jaurtiketan bigarrena sailkatu zen Kintana, 49,73 metroko jaurtiketarekin

Asteburuan Aire Zabaleko Espainiako Atletismo Txapelketa absolutuak jokatu ziren Madrilen. Nafarroako atletek guztira 11 domina ekarri zituzten, eta tartean dago June Kintana disko jaurtitzaile bakaikuarrak emakumezko disko jaurtiketan lortutako zilarrezko domina. Bakaikuarrak kilo bateko diskoa 49,73 metrora jaurti zuen, Paula Ferrandiz txapeldunak baino metro eskas bat gutxiago (50,64 m). Nahiz eta iaz lortutako urrezko domina ez berritu, podiumaren bigarren kutxara igo zen bakaikuarra. Hirugarrena Natalia Sainz izan zen (48,12 m). 

June Kintanak adierazi duenez, “ez da bere txapelketarik onena izan”. “Hiru hilabete eskas hauetan entrenatu dudana ezin izan dut behar bezala erakutsi. Hala ere, aurrera jarraitu beharra dago” gaineratu zuen Madrilgo pistan. 

Guztira Espainiako Txapelketetan sei domina ditu Junek: urrezko bat, zilarrezko hiru eta brontzeko bi.