Bakaikuko udal arkitektoak ostiralean bi proposamen aurkeztu zituen: eraikina zaharberritzea edo bota eta berria jasotzea. 25 bat bakaikuarrek entzun zituzten haren azalpenak. Egoitz Urritza Lazkoz alkateak jakinarazi duenez, “bi proposamenei buruzko inpresioak jaso ziren; bata eta bestearen aldeko eta kontrako iritziak entzun ziren. Ez zen ezer adostu”. Alkateak gaineratu duenez, “Toki Administrazio Departamentuarekin eta Nasuvinsa enpresa publikoarekin harremanetan gaude, dirulaguntzei eta bestelakoei buruzko informazioa jasotzeko. Horren arabera emanen ditugu etorkizunean pausoak”.
Egungo eraikina zaharberritzeko proiektuan jasoa dagoenez, beheko solairuak sarrera eraikinaren erdian izanen luke. Arranpa bat igo beharko litzateke hara sartzeko eta parean komunak leudeke, ezker-eskuin, berriz, bi espazio edo gela handi. Azken horiek bi, hiru edota lau gelatan bana zitezkeen, baina halakorik ez zuten zehaztu ostiralean. Garbi ikusten zen bakaikuarrei zerbitzuak emateko erabilera izan beharko luketela. Bestalde, iritzi trukearen ondoren, goiko solairuari zein erabilera eman aztertzeko gelditu zen.
Dagoena bota eta eraikin berria eginez gero, arkitektoak planta bakarrekoa egitea proposatu zuen. “Proposatu du eskolaren atzean dagoen espazioan, kasik partzelaren mugaraino eramatea eraikina. Bolumen bakar hori nahi bestetan banatu zitekeela esan zuen jendeak. Gainera, beheko solairua izanik bakoitzak bere sarrera izan zezakeela. Baina ez zen sakondu”. Urritzak azaldu duenez, arkitektoaren proposamenak entzunda, “gelditzen diren bolumen horietan zer banaketa egin, horretan zentratu ziren iritziak, erabileran baino”.