Lantegiak salduta, udalek baso aprobetxamendutik ateratako diruaren %20 basoan bertan hobekuntza lanak egiten inbertitu beharra dute. Halakorik ez badute egiten, lan horietarako gero ez dute Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jasotzen. Bakaikuko Udalak ikusirik beheko basorako bidea hainbat tokitan egoera txarrean zegoela, hura konpontzea erabaki zuen eta, horretara, 31.000 euro bideratu zituen. Bidea txukun egotea ere komenigarria da etorkizunean lantegi berriak ateratzea aurreikusi baitu udalak.
Basoko langatik, Ubakatxokotik ahuntzetxera bitarteko tartean hainbat lan egin dira, batez ere, aldapetan. Horretaz aparte, toki batean ur baltsa sortzen zela eta berriro ez gertatzeko bide azpitik hodia jarri dute. Gainera, ahuntzetxeko bidean, errekak bitan zeharkatzen du eta haren ertzetan porlana jarrita zegoen. Baina tarte txikia eta ibilgailuen pasarekin putzuak sortzen ziren aurrerago. Horregatik porlan zati horiek luzatu egin dituzte bidean.
Lanak abendu akaberan despeditu ziren. Baina erabilitako materiala heze iritsi zenez, eta ordutik euria eta elurra egin duenez, lanen zuzendaritzak udalari bidea ixtea aholkatu zion, ibilgailuen pasak bestela inbertsioa hondatuko zuelako. Abenduaren 18az geroztik beheko basoko bidea itxita dago, eta “denboraldi luze batez” hala egonen da. Obra zuzendariak ikuskaritzak egiten ditu eta hark egoki jotzen duenean zabalduko du udalak bidea.
Zorrik gabe
Herriko kaleak berritzeko azken lanak egiteko Bakaikuko Udalak mailegua eskatu zuen. Egoitz Urritza Lazkoz alkateak jakinarazi duenez, “joan den urtean kitatu genuen zorra. Urtero 22.000 euro eta interesak pagatu behar ziren. 2020an hori eta 10.000 euro gehiago ordaindu genituen mailegua kentzeko”. Bestalde, diru sarrera gisa bi lantegi edo baso aprobetxamendu saltzea espero dute udalean.