Disko jaurtiketa

June Kintanak 50,50 metroko jaurtiketarekin ekin dio denboraldiari

Guaixe 2021ko ots. 16a, 11:00
June Kintana diskoa jaurtitzen. Argazkia: Irati Aizpurua.

Nazioarteko Txapelketetan lehiakorra izateko 60 metrora hurbildu behar duela argi du disko jaurtitzaile bakaikuarrak eta hori izango da bere helburua

June Kintanak 2021 denboraldiari ekin dio. Larunbatean disko jaurtitzaile bakaikuarrak Leongo Errendimendu Altuko Teknifikazio Zentroan antolatutako kontrol saioan debutatu zuen, eta diskoa 50 metro eta erdira jaurti zuen (50,50 m). Denboraldiari ongi ekin dio bakaikuarrak, baina nazioarteko txapelketetan ditu begiak jarrita atleta bakaikuarrak –tartean Joko Olinpikoak daude–, eta nazioarteko hitzorduetan lehiakor izateko 60 metrora gerturatu behar duela oso argi du Kintanak. 25 urte ditu, gaztea da, eta progresiorako aukerak baditu. Bere marka pertsonala 56,30 metrokoa da, duela 3 urte Polonian egindako jaurtiketan

“Sentsazioak onak izan ziren, entrenamenduetan ere gustura nabil, eta horrek konfiantza ematen du” nabarmendu du June Kintanak. Iaz lesionatuta ibili zen, baina badirudi bide onean dagoela. Aurki beste kontrol saio batean parte hartuko du, Montijon jokatuko diren Espainiako Txapelketak eta Jaurtiketa Luzeen Txapelketa Nazionala prestatzeko. Manuel Martinez entrenatzailearen esanetara trebatzen da eta entrenamenduetan aldaketak sartu dituzte, pandemiak baldintzatutako aurreko urteko denboraldi berezi eta zailari aurre egiteko.