Udalak hainbat lan egin ditu

Guaixe 2021ko ots. 23a, 10:03

Bakaikuko Udalak orain argiteria berritu du frontoian, 2019an ate berria jarri zuen.

Frontoiko argiteria berritu, usteldutako hesi batzuk aldatu, goiko iturriko ur ihesa konpondu eta eskola zaharren eraikinean gaztetxokoa hartzeko egokitzapen lanak egin ditu.

Nafarroako Gobernuak udalei bi dirulaguntza eman zien joan den urtean: despopulazioari kontrako jardueretara eta COVID-19ren eraginaren aurrean ekonomia suspertzeko neurriak finantzatzeko. Bakaikuko Udalak aurrenekotik 16.518 euro jaso zituen eta bigarrenetik 19.000 euro. Udalak haietako bat erabili du eta besteko diruarekin zer egin aztertzen ari da. Baina erabakia azkar hartu beharko du inbertsioa aurten egin behar baitu. 

Egoitz Urritza Lazkoz alkateak jakinarazi duenez, Iturrarte (1982) frontoian zeuden fokuak LED argiengatik aldatu dituzte. Horrela, energia gutxiago kontsumitu eta fakturan aurreztuko du udalak. Horrekin batera, pilotalekuan fluoreszente batzuk ordezkatu eta larrialdietako argiak jarri ditu. Guztia 8.000 bat euroren truke. Frontoian jarritako LED argiak udalak herrian jarritako aurrenekoak dira. Kaleko argiteria berritzeko dirulaguntza eskatu zuen, “baina aurrekoak gutxieneko 20 urte izatea baloratu zuten eta guk aurkeztu genuenean 19 zituen Bakaikukoak. Dirulaguntzaren zain gaude aldaketa egiteko”, azaldu du alkateak. 

Bestalde, beheko iturriaren ondoan eta Barrenkalen egoera txarrean zeuden hesi batzuk burnizkoengatik aldatu dituzte. Horretara 5.000 bat euro bideratu ditu Bakaikuko Udalak. Eta beste 2.000 euro desfibriladorea erosteko. “Non jarri zehaztu gabe dugu oraindik, baina herri erdigunean egonen da”. 

Lanak 
Goiko iturrian ur ihesa zegoenez, hura konpontzen aritu ziren iturgina eta kisusgilea. Bestalde, frontoiaren kanpoko aldean iturria jartzeko asmoa dutela jakinarazi du alkateak. Azkenik, eskola zaharren eraikina zeneko beheko solairuan pladurrezko pareta jaso dute. Horrekin batera, “izotzak lehertuta zeuden hodiak berritu dira. Horrela, ura pasa daiteke eta komuna erabilgarri utzi dugu. Gaztetxokoa egonen da han”.