Disko jaurtiketa

June Kintana, Espainiako txapelduna

Guaixe 2021ko mar. 1a, 13:30

Montijoko Neguko Jaurtiketa Luzeen Espainiako XI. Txapelketan Bakaikuko jaurtitzaileak 52,27 metrora jaurti zuen diskoa

Asteburuan Neguko Jaurtiketa Luzeen Espainiako XI. Txapelketa jokatu zen Montijon. Emakumezkoen disko jaurtiketa txapelketan lehiatu zen June Kintana Larraza (Grupompleo Pamplona Atletico) disko jaurtitzaile bakaikuarra, beste 8 atletekin batera. June Kintanak lan bikaina egin zuen eta Espainiako Txapelketa irabaztea lortu zuen, 52,27 metroko jaurtiketarekin. Berarekin Leongo Errendimendu Altuko Teknifikazio Zentroan trebatzen den Andrea Alarconekin  (Catalunya) lehia estua izan zuen bakaikuarrak, biak gertu ibili zirelako. 

Juneren lehendabiziko jaurtiketa baliogabea izan zen, eta bigarrena 48,65 metrokoa. Alarcon, aldiz, 51,46ko jaurtiketarekin hasi zen. Baina Kintanak gora egin zuen eta Alarcon, aldiz, marka horretan geratu zen. Azkenean, Alarcon izan zen bigarrena (51,46 m) eta Ines Venero (Alcampo Scorpio 71) hirugarrena (47,7 m).