June Kintana

“52 metroak eskas geratu zitzaizkidan, entrenamenduetan diskoa askoz urrutiago jaurtitzen dudalako”

Maider Betelu Ganboa 2021ko mar. 10a, 14:45

Martxoaren 6an Neguko Jaurtiketa Luzeen Espainiako Txapelketa irabazi zuen disko jaurtitzaile bakaikuarrak (52,27 m). Nazioarteko Txapelketetan marka hobeak egin nahi ditu, puntuak lortu eta Olinpiar Jokoetako sailkapen rankingean gora egiteko

Asteburuan Neguko Jaurtiketa Luzeen Espainiako XI. Txapelketa jokatu zen Montijon. Bertan lehiatu zen June Kintana Larraza disko jaurtitzailea (Grupompleo Pamplona Atletico), beste 8 atletekin batera. Bakaikuarrak berarekin Leongo Errendimendu Altuko Teknifikazio Zentroan trebatzen den Andrea Alarconekin (Catalunya) lehia estua izan zuen, baina Espainiako Txapelketa irabazi zuen (52,27 m), Alarconen aurretik (51,46 m).

Zer moduz Montijon, Espainiako Neguko Jaurtiketa Luzeen Txapelketan?
Oso pozik nengoen, bereziki txapelketa Montijon jokatu zelako. Bertan hainbat txapelketatan aritu izan naizenez, lasaitasuna ematen dizu, badakizulako pistak nolakoak diren, zirkulua nolakoa den... Etxean bezala sentitzen zara, eta alde horretatik oso gustura. 

Aspaldiko partez, konpetentzia izan zenuen. Andrea Alarcon gertu izan zenuen.
Bai, Andrearekin lehia izan nuen bere lehendabiziko jaurtiketa 51,46 metrokoa izan zelako. Baina berak hain urruti jaurti izan hori ez zen urduritu ninduena. Baneramatzan Leonen egindako hainbat proba nahiko justu egin nituenak, diskoa 50 metro eskasera bota nuela. Orduan, txapelketa honetan nahi nuena zen lasaitu, eta erakutsi entrenamenduetan ongi nagoela eta berdin egin nezakeela Montijon. Eta horrela izan zen. Andrearen lanean ez nintzen asko fijatu, baizik eta nire buruan.

Diskoa 52,27 metrora jaurti zenuen. Egindakoarekin pozik?
Egia esan, niretako 52 metro horiek eskas geratu ziren. Entrenamenduetan diskoa askoz urrutiago jaurtitzen ari naiz. Horregatik pixka bat amorratuta bukatu nuen, ez nuelako entrenamenduetan egiten dudana erakutsi. Baina, bestetik, Neguko Jaurtiketa Luzeen Espainiako Txapelketa zen eta helburua lehenengoa gelditzea edo ahalik eta postu hoberenean sailkatzea zen, eta alde horretatik pozik nago, helburua lortu nuelako. 

"Entrenamenduetan diskoa askoz urrutirago jaurtitzen ari naiz. Sentsazioa ona da"

Nazioarteko txapelketetan lehiakorra izateko 60 metrora hurbildu beharra duzula azaldu izan duzu. Nola ikusten duzu?
60 metrotara iristeko oraindik asko falta zait. Egia esan, zaila da, nire marka pertsonaletik (56,30 m) 3 metro pasara dagoelako. Baina ez da ezinezkoa. Joan den urtean neguko denboraldi oso ona egin nuen, baina pandemiak denboraldia izorratu zuen. Aurten akaso maila baxuagoan hasi dut denboraldia, maila baxuagoan, baina entrenamenduetan oso ongi sentitzen naiz, hobetzeko bidean. Beraz, 60 metro asko dira, baina nire marka pertsonalean 56,30 m egin baditut, nik uste dut diskoa 58 metrora jaurtitzeko gai naizela. Ea denboraldi honetan lortzen dudan, hori ideala izango litzateke. Baina ez bada gertatzen, orain arte bezala sentsazio onekin entrenatzen jarraitu eta listo. Edozer dela, etorriko da. 

Aurten Olinpiar Jokoak jokatuko dira. Urruti ikusten dituzu?
Olinpiar Jokoetan aritzeko gutxieneko bat eskatzen dute, baina orain aukera ematen dute, aurten jokatuko diren zenbait txapelketetan puntuak lortuz gero, Olinpiar Jokoterako klasifikatzea. Markagatik sailkatzea ezinezkoa da, gutxienekoa 63,5 metro direlako, baina hainbat txapelketetan puntuatzen badut, rankingean postu polit bat lor dezaket. Zaila da, baina aukerak izango nituzke. Beraz, pentsamendu horrekin nago. Ea zorte pixka batekin eta gogor entrenatuz, emaitzak heltzen diren. 

Entrenamenduetan aldaketarik izan al duzu?
Entrenamenduak orokorrean berdinak izaten dira, baina urtero pixka bat aldatzen ditugu. Ariketa berri batzuk sartu ditugu, eta indarra beste modu batez landu dugu. Entrenamenduak aldatzea beharrezkoa da hobetzeko. Beti entrenamendu bera egiten baduzu, iristen da momentu bat ez duzula hobetzen. Eta hori frogatuta dago. Horregatik, urtero aldaketatxo batzuk egiten ditugu entrenamenduetan. 

Nola duzu egutegia? Zeintzuk dira dituzun hurrengo proba eta txapelketak?
Asteburu honetan kontrol bat dago Leonen eta bertan parte hartuko dut. Eta datorren astetik aurrera udako denboraldia prestatzen hasiko gara eta lehendabiziko txapelketak eta ligak hasiko dira. Ez dakit non jokatuko diren, baina apiril bukaeran edo maiatz hasieran izanen dira. Helburu nagusiak bi nazioarteko txapelketa dira: Jaurtiketetako Europako Kopa –martxoan zen jokatzekoa, baina atzeratu behar izan dute Portugalen jokatzekoa delako–, eta Nazioarteko Europako Txapelketa. Azken hau Polonian jokatuko da, eta bertara joan nahiko nuke. Horretaz gain, Udako Espainiako Txapelketa eta udako ohiko probak ere bestelako xedeak dira. 

Beraz, helburu askotako urtea da aurtengoa. 
Bai (kar, kar…). Pandemia dela eta, urtea pixka bat arraro hasi da, baina espero dezagun gutxika egoera normaltzen joatea. Txertoekin ea uda alderako egoera lasaitzen den. Baina urte berezia da, Olinpiar Jokoen urtea delako, eta horregatik aurtengo denboraldia lehenago bukatuko da. Normalean Olinpiar Jokoak abuztu bukaeran izaten dira, baina aurten uztailaren bukaeran hasiko dira eta, horregatik, txapelketa guztiak aurreratu dizkigute. Esaterako, Espainiako Txapelketa uztail bukaeran edo abuztu hasieran izaten da, baina aurten ekainaren bukaeran izanen da. Denbora azkar pasatzen da eta ahalik eta hobekien prestatu eta aprobetxatuko dugu.