San Benito ermitan hitzordua

Guaixe 2021ko mar. 22a, 10:15
Bakaikuarrak ermitaren ondoan. Artxiboa.

Gaur, 17:00etan, izanen da elizkizuna.

Udaberriaren iragarlea da San Benito, martxoaren 21ean ospatzen baita. Aurten bakaikuarrek ospakizuna egun bat atzeratzea erabaki dute eta astelehenean joanen dira herritik hego mendebaldera kilometro batera dagoen ermitara. Barga ondoko ermita txikian meza izanen da 17:00etan. Elizkizunaren ondoren apaizak soroak bedeinkatuko ditu, “fruitua eman dezaten”. San Benitoren ospakizuna normalean udalak eskainitako auzatearekin despeditzen zen, baina pandemiak  eraginda hartu beharreko neurriengatik ikusiko da halakorik dagoen. 

Garai batean, santuari osasuna eta apetitua eskatzeko etxeko lurrezko lapiko zaharrak eramaten zituzten bakaikuarrak. Haiek ermitaren kontra botatzearekin batera zera esaten zuten: “San Benito buen apetito. Eltzeak hautsi eta biok itto”.

Ermita
Eraikinak oinplano karratua du, hormak luzituta eta ertzetan harlanduak eta egurrezko egituraren gainean bi isurkiko teilatua. Burualdean arku beheratuko leiho bakarra du, eta epistolaren aldean, berriz, ate xume bat. Barruan erretaula barroko bat dago, XVII. mendearen lehen erdikoa. Oinarrizko mazoneria du, eta San Benitoren taila ere barrokoa da, gotzain gisa jantzita, makulua eta tolesdura zabal eta angelutsuko arropak ditu.