Urrestarazu Sodenako kontseiluko kide izendatu dute

Guaixe 2021ko api. 21a, 10:55
Eduardo Urrestarazu Fernandez.

Eduardo Urrestarazu Fernandez bakaikuarra eta Ana Goien izendatu dituzte enpresa publikoko administrazio kontseiluko kide, haren “enpresa profila sendotzeko”. 

Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Departamentuaren menpekoa da Sodena enpresa publikoa, eta haren buru da Mikel Irujo Amezaga kontseilaria. Hark egoki jo du Sodenaren administrazio kontseilua enpresa arloko profilekin indartzea. Eta horretarako aukeratutako bi pertsonen artean dago Eduardo Urrestarazu Fernandez bakaikuarra. Haiekin batera aipatu administrazio kontseiluan daude Izaskun Goñi Razkin (Nafarroako Gobernuko Enpresa Politikako, Nazioarteko Hedapeneko eta Laneko zuzendari nagusia), Jorge Ruiz Martin (Mekatar Taldeko zuzendari nagusia), Miguel Ugalde Barberia (Fagor Ederlan Tafallako zuzendaria) eta Jose Manuel Arlaban kideek osatzen dutela. Era berean, Sodenako administrazio kontseiluko kide izan dira Manuel Torres Martinez hil berri den enpresaburua eta Yolanda BlancoFernández Industria, Energia eta Proiektu Estrategikoen S3 zuzendari ohia.

Bakaikuarraz
Sodenako kontseilari berri bakaikuarra Nafarroako Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatua da eta unibertsitate bereko Praktika Juridikoko eskolan diplomatua dago, gainera, IE Business School-en Negozioen Administraziorako Masterra du. Urrestarazu gaur egun Agrisolutionseko Europa, Amerika, Asia eta Latinoamerika dibisioko buru da, Venanpri Group talde kanadarraren filiala, Patricio Echeverría korporazio ohia. Aldi berean, Urrestarazu Legazpiko Bellota Agrisolutionseko zuzendari nagusia da, baita Alemaniako Remscheiden egoitza duen Carls Sülberg Agrisolutionsena ere. 

Enpresa arloan eskarmentu handia du eta nazioarteko negozio talde industrialetan izan duen lidergoan nabarmendu da. Horretan, batez ere hainbat sektore eta profiletako marka eta estrategien eraikuntzan aritu da, esaterako, Arfe, Patentes Fac edo Patricio Echeverria-Bellota familia enpresendako, Azkoyen Industrial kotizatuarendako, Assa-Abloy/Tesa multinazionalarendako eta  Venanpri Group 'private equity'-arendako. Azken urteotan bakaikuarrak Agrisolutionseko ekipo globalen integrazio estrategikoa bultzatu du. Agrisolutions munduko liderra da nekazaritzako makinerian, eta fabrikazio instalazioak ditu zazpi herrialdetan. Lan honek Ipar Amerikako kulturaren ezagutza sakona eman dio. 

Lan eremutik kanpo, Urrestarazuk Euskal Herriko Udako Unibertsitateko, Deusto Business Schooleko, Mondragon Corpeko, CENeko eta Indusmediako mintegi eta ikastaro ugaritan parte hartu du, hizlari eta irakasle bisitari gisa. Hirueleduna da euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, eta maila aurreratua du frantsesez eta italieraz. 

Sodena 
Sociedad de Desarrollo de Navarra, S.L., Sodena, Nafarroako Gobernuaren tresna da herrialderako balio erantsiko enpresa proiektuak erakartzeko eta garatzeko, bai eta lankidetza, hazkundea eta lehiakortasuna bultzatuko dituen eskualdeko espezializazio adimenduneko estrategiaren diseinua eta ezarpena koordinatzeko ere, eskualdeen garapenari eta kalitatezko enpleguaren sorrerari lagunduz.

Enpresa proiektuei finantza laguntza ematen zaie, bai tokikoak bai kanpotik ekarritakoak, batez ere kapitalean parte hartuz eta partaidetza maileguen bidez. Proiektu horiek Nafarroari lotuta egon behar dute, herrialdearen garapen orekatu eta iraunkorrean aktiboki eta nabarmen lagunduz. Laguntza teknikoa inbertsiogile eta enpresekin koordinatuz, lagunduz eta lotuz gauzatzen da, euren proiektuak Nafarroan kokatzea erabakitzeko behar dezaketen edozein laguntza erraztuz. Gaur egun, guztira 156 enpresa proiektutan parte hartzen du, eta horietatik 105 zuzenean egiten ditu, eta 51 zeharka, arrisku kapitaleko 8 funts espezializaturen bidez.