Disko jaurtiketa

June Kintana triste eta frustrazio handiarekin dago

Maider Betelu Ganboa 2021ko mai. 12a, 13:00

Asteburuan Europako Jaurtiketen Kopa jokatuko zen Kroazian, baina disko jaurtitzaile bakaikuarrak ezin izan zuen aritu COVID-19 gainditu eta gero, aurretiko PCRan oraindik positibo eman zuelako. Kolpe latza izan da, Joko Olinpikoei begira Europako Kopan jokoan zeuden puntuak oso garrantzitsuak zirelako

Asteburuan 21. Europako Jaurtiketen Kopa jokatu zen Spliten (Kroazia). Espainiako Atletismo selekzioak hautatutako atleten artean June Kintana Larraza disko jaurtitzailea zegoen, baina bakaikuarrak ezin izan zuen Kroazioako bidea hartu, txapelketa aurretik egindako PCRan positibo eman baitzuen. Kintanak COVID-19 gaixotasuna gainditu zuen, duela lau aste bukatu zuen konfinamendua, ongi dago eta ordutik normal aritu da lehiatzen eta entrenatzen, baina PCRan oraindik positibo ematen jarraitzen du. 

“Ongi nago, bizitza normala egiten, entrenatzen… baina PCRan positibo ematen jarraitzen dut. Proba serologikoak egin ditut eta gaixotasunaren antigorputzak ditut, baina Europako Federaziotik diote soilik PCR negatiboek balio dutela, eta horregatik ezin izan nintzen Europako Jaurtiketen Kopara joan” azaldu du, triste, June Kintanak. 

Egun gogorrak
Europako Jaurtiketen Kopan ezin aritu izana kolpe gogorra izan da Kintanarendako. “Sekulako kolpea izan da, aurten jokatuko diren Joko Olinpikoetarako sailkatzeari begira Europako Kopan lortuko nituzkeen puntuak oso garrantzitsuak zirelako. Egun hauek gogorrak izan dira; triste nago, frustrazio handiarekin. Azken finean normal entrenatzen ari naiz, baina ezin dut lehiatu. Baina pandemian gaude eta oraingoan niri tokatu zait” gaineratu du Bakaikuko atletak. 

Joko Olinpikoetan sailkatzea maldan gora jarri zaio Kintanari, baina ez du etsi. “Lehen zaila zen klasifikatzea eta orain zailago. Aukera gutxi dauzkat, baina itxaropena ezin da galdu” azpimarratu nahi izan du. 

Olinpiar Jokoetan aritzeko gutxieneko bat eskatzen dute, baina aukera eman dute aurten jokatuko diren zenbait txapelketetan puntuak lortuz gero, Olinpiar Jokoterako klasifikatzea. Kintanak markagatik sailkatzea ezinezkoa ikusten du, gutxienekoa 63,5 metro direlako, baina hainbat txapelketetan puntuatuz gero, rankingean postu polit bat lortzeko aukera ikusten zuen. Europako Kopan ezinezkoa izango da, baina ea maiatzaren 29an eta 30ean Polonian jokatuko den Nazioarteko Europako Txapelketan posible den. 

Hurrena: Espainiako Liga
Bitartean, bere ahalegin guztia hurrengo helburuan jarriko du Junek, asteburuan, maiatzaren 15ean jokatuko diren Espainiako Ohorezko Mailako Atletismo Ligako bigarren jardunaldian. Ea disko jaurtiketa bikaina egiten duen.