Asteburuan Espainiako Kluben Arteko Atletismo Ligako final handia jokatu zen La Nucian (Alacant). Bere klubarekin, Iruñeko Grupompleo Pamplona Atletico taldearekin lehiatu zen June Kintana Larraza disko jaurtitzaile bakaikuarra, eta lan ederra egin zuen. Emakumezkoen disko jaurtiketa irabazi zuen, 51,83 metroko jaurtiketarekin, eta puntu oso baliotsuak lortu zituen bere klubarendako. Barça klubak irabazi zuen liga, Valencia, Playas de Castellon, San Sebastian eta Grupompleo Pamplona Atletico taldearen aurretik. Grupompleo 5. sailkatu zen, eta estatu mailako klub onenen artean dagoela erakutsi zuen.
June Kintana pozik dago egindako lanarekin. “Asteburuan ligan lortutakoagatik oso pozik nago. Batez ere, disko jaurtiketan lehenengoa sailkatuta klubarendako 8 puntuak lortu nituelako. Pertsonalki ere pozik nago, aritu naizen azken probetan, kontroletan eta topaketetan antzeko markatan nabilelako, nahiz eta oinazeak izan. Bizkarra nahiko ukituta daukat, oinazeak dauzkat eta hala eta guztiz ere 51 metro ingurukoetako jaurtiketetan nabil. Beraz, alde horretatik ongi” azaldu du disko jaurtitzaile bakaikuarrak.
Maiatzaren 23an eta 24an Oviedoko kontrol batean aritu zen eta 50,40 metroko jaurtiketa egin zuen, eta uztailaren 3an, Huelvako XVI. Iberoamerikako Meetingean 50,18 metrokoa. Horretaz gain, ekainaren 5ean Los Corrales de Buelnako Sari Nagusian (Kantabria) parte hartu zuen eta 51,89 metrora jaurti zuen diskoa.
June Kintana: “Oinazeak ditut, baina antzeko markatan nabil eta pozik nago”
Gogotik entrenatzen ari da
Bere hurrengo helburua ekainaren 25etik 27ra Getafen jokatuko den Espainiako Atletismo Txapelketa Absolutua da. “Bi aste hauetan gogotik entrenatuko dut, Espainiako Txapelketara ahalik eta hobekien iristeko. Teknikoki ez nabil oso fin, aipatutako oinaze horiengatik, baina ea aste hauetan min horiek arintzen diren eta ahalik eta hobekien iristen naizen Getafera” nabarmendu du June Kintanak.
Espainiako Txapelketaren ondoren, udako azken txapelketa uztailaren 10ean L´Hospitalet de Llobregaten jokatuko den Federazio Autonomikoen Arteko Espainiako Txapelketa izanen da. “Beraz, udako denboraldia asteburu horretaraino luzatuko du, ahalik eta mailarik onena eman nahi dut. Gero oporrak hartuko ditut. Animatuago nago, baina urte gogorra izan da hau; dugun egoera onartu beharra dago, eta dagoenarekin ahalik eta hobekien egin” azpimarratu du Kintanak.
June Kintana: “Ahalik eta hobekien heldu nahi dut Espainiako Txapelketara”
Izan ere, urte gogorra izaten ari da hau atleta bakaikuarrarendako. Maiatzaren erdialdean Spliten (Kroazia) jokatutako Europako Jaurtiketen Kopan ezin izan zuen aritu, ezta maiatzaren bukaeran Polonian jokatutako Europako Nazioen Txapelketan ere, COVID-19 gainditu eta gero, proba horietara joateko aurretiko PCRan oraindik positibo eman zuelako. Proba serologikoak egin zituen eta gaixotasunaren antigorputzak ditu Junek, baina PCRan positibo ematen jarraitzen zuenez, eta Europako Federaziotik soilik PCR negatiboek balio dutenez, ezin izan zen aritu. Berarendako kolpe latza izan zen, Joko Olinpikoei begira Europako Kopan jokoan zeuden puntuak oso garrantzitsuak zirelako. Beraz, Europako Txapelketei eta han lortzeko aukera zituen puntuei agur esan zien sakandarrak, eta, esan bezala, Espainiako Atletismo Txapelketa Absolutua eta Espainiako Komunitate Autonomoen Arteko Atletismo Txapelketa dira bere hurrengo helburuak. Ea bide onean jarraitu eta lan ona egiten duen.