Disko jaurtiketa

June Kintana, Espainiako txapeldun handia

Guaixe 2021ko eka. 28a, 13:20
June Kintana proban. ESPAINIAKO ATLETISMO FEDERAZIOA

Asteburuan Espainiako Atletismo Txapelketa Absolutua jokatu zen Getafen eta bakaikuarrak urrezko domina lortu zuen diskoarekin 54,12 metroko jaurtiketa egin eta gero

Ekainaren 25etik 27ra Espainiako Atletismo Txapelketa Absolutua jokatu zen Getafen eta June Kintana Larrazak helburua bete eta urrezko domina jantzi zuen, 54,12 metroko jaurtiketa egin eta gero, urte honetako estatuko emakumezkoen disko jaurtiketarik onena, hain zuzen ere. Atleta bakaikuarrak zenbait arazo ditu bizkar aldean, oinazeak sortzen dizkiotenak, baina uste baino hobe aritu zen Getafen, azkenaldian 51 metro inguruko jaurtiketetan zebilelako eta Getafen 54,12 metrokoa egin zuelako.Bigarren Andrea Alarcon izan zen (52,69 m) eta hirugarren Emma Garcia gaztea (49,74 m).

Horrela, June Kintanak Espainiako Atletismo Txapelketa Absolutuko bere bigarren urrezko domina lortu zuen, 2019an lortutakoaren atzetik. Horretaz gain, zilarrezko hiru domina eta brontzezko bi ditu, beraz, guztira 7 domina.