Disko Jaurtiketa

June Kintanaren Nafarroa, bosgarren Federazioen Arteko Espainiako Txapelketan

Maider Betelu Ganboa 2021ko uzt. 12a, 12:30
June Kintana, Federazioen Arteko Txapelketan, asteburuan, diskoa jaurtitzen.

Bakaikuko disko jaurtitzailea bigarrena izan zen emakumezkoen disko txapelketan (50,88 m), Andrea Alarcon kataluniarraren atzetik (51,11 m.)

June Kintana Larraza disko jaurtitzaile bakaikuarrarendako bukatu da udako denboraldia. Asteburuan Federazioen Arteko Espainiako Atletismo Txapelketa jokatu  zen Katalunian, L'Hospitalet de Llobregaten, eta Kintanak Nafarroako selekzioarekin parte hartu zuen. 

Asteazkenean, uztailaren 7an, Leonen egindako kontrol batean aurten egindako jaurtiketarik onena egin zuen Junek: kiloko diskoa 54,59 metrora jaurti zuen. Pozik zegoen Bakaikuko jaurtitzailea, eta asteburuan ere asmo bera zuen, baina ez zen horren fin ibili. Leongo Goi Errendimendu Gunean bere taldekide den Andrea Alarcon kataluniarrak 51,11 metroko jaurtiketa egin zuen eta bera izan zen irabazlea, June Kintana bigarren sailkatu baitzen, 50,88 metroko jaurtiketarekin. 

Hala ere, kontentu dago June Kintana, bere selekzioa, Nafarroa, bosgarren sailkatu baita Federazioen Arteko Txapelketan, 211 punturekin. Katalunia izan da txapeldun handia, 295 punturekin.