Astekaria

Eskolen eraikina eta denda udalaren inbertsioen zerrendan

Guaixe 2021ko uzt. 28a, 14:01

Bakaikuko Udalak ezkerreko bajera erosi du bertan denda jartzeko.

Duela bost urte eskatutako dirulaguntza jaso ondoren, eskolen eraikina zeneko teilatua konponduko du udalak. Bestetik, herriko denda ixten denerako ordezkoa izateko pausoak ematen hasi da udala eta lokala erosi du.

Bakaikuko Udalaren aurtengo aurrekontuak sarreretan eta irteeretan gora egin du. 454.419,47 euroko diru sarrerak aurreikusi ditu udalak, aurreko urtean baino 171.655 euro. Egoitz Urritza Lazkozek azaldu duenez, epaitzaren salmentak eta dirulaguntzek ekarri dute handitzea. Bestetik, 356.494,65 eurokoak dira diru irteerak, aurreko urtean baino 74.188,96 euro gehiago. Atal horretan Bakaikuko Udalak inbertsioetarako 81.000 euro aurreikusiak ditu. 

Bakaikuarrak bilerara deitu zituen larunbatean udalak, Bakaikuko Estrategia Planari jarraipena egiteko. Udalak jakinarazi zuenez, eskolak zaharberritzearen alde egin du. Urritzak azaldu duenez, “duela bost urte Nafarroako Gobernuari frontoian hobekuntzak egin eta eskoletako teilatua konpontzeko dirulaguntzak eskatu genizkion. Eskoletakoa itxaron zerrendan utzi zuten, baina beste udal batzuek beraien dirulaguntzei uko egin dietenez, apirilean jakinarazi ziguten teilatua konpontzeko dirua eman zigutela. Aukera ezin dela galdu uste dugu”. 

Eskolen eraikineko teilatua berritzeko 50.000 euro inguru jasoko du udalak. Alkateak azaldu duenez, teilatuaz aparte, eraikin guztia berrituko dute. Beheko solairuan haur txokoa eta erabilera anitzeko gela eginen dituzte. Goiko solairuan, berriz, etxebizitza pare bat egiteko aukera mahai gainean dute. Udal arkitektoak udazkenerako proiektua eginen duela aurreikusi dute. “Hura eskuetan,  dirulaguntza gehiago eskatuko ditugu”, gaineratu du Urritzak, besteak beste, Nafarroako eta Europako ateak jotzeko aukera dagoela argituz. 

Etxebizitza 
Bakaikuko Estrategia Planeko lehentasunen artean zeuden eskolen eraikina eta auzolanak. Horien ordenantza onartua eta indarrean dago. Udazkenean hastea aurreikusten dute. Bitartean, udala auzolanak egiteko ekarpenak jasotzeko prest dago. Hirugarren lehentasunari heldu diote bakaikuarrek, etxebizitza. Urritzak azaldu duenez, “lantalde bat sortu da, eta hainbat pertsonak herrian etxebizitza lortzeko gogoa dute. Herrian dauden aukerak aztertzen ari dira”, dela alokairua, zaharberritzea, eraikin berriak jasotzea…

Etxebizitzari buruzko galdeketa zabaldu zuten bakaikuarren artean, premia zein den jakiteko. Alkateak azaldu duenez, Nasuvinsa enpresa publikoarekin harremanetan daude. “Guk informazioa bidali genien. Eta haien teknikari bat herrira etorriko da, egoera bertatik bertara aztertzera. Baina oraindik ‘berde’ dago dena”, azaldu du alkateak. 

Denda 
Bakaikuarren artean alarmak piztu ziren jakin zutenean herriko denda bakarrak urte akaberan ateak itxiko dituela. Herriak halako zerbitzua galtzea luxua litzatekeela iritzita, zerbait egin beharra zegoela uste zuten askok. Udala ere iritzi berekoa izanik, hainbat lokal ikusi ondoren, denda jartzeko bajera bat erosi du Maldaiko larrainan, Maldai kaleko 3. zenbakian. Irisgarritasuna, espazioa, lege eskakizunak eta beste betetzen ditu lokalak. Horretarako, 50.000 euro bideratuko ditu udalak. Hura egokitu eta denda bihurtzeko lanak ere inbertsioa eskatuko diote udalari. Horregatik, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzea aztertzen ari dira udalean. Langintza horretan Cederna-Garalurreko Susana Mendinuetaren laguntza eta Sakanako Garapen Agentziaren aholkularitza izan du udalak. Dendaren nondik norakoak zehazteko bilduko dira bakaikuarrak irailean. Haien asmoa da egungo denda ixten denean, beste denda bat zabaltzea. 

Gehiago 
Alkateak azaldu duenez, foru administrazioak COVID-19ak sortutako gastuei aurre egiteko dirulaguntzarekin, ibai gaineko zubi berria margotuko dute. Horrekin batera, haren ondoan ibilgailuen abiadura murrizteko goratutako obrako oztopoa jarriko du. Gainera, zubitik erdiko iturrira eramaten duten Santioalde eta Elizazpi kaleetan abiadura murrizteko gomazko lau lerro jarriko ditu udalak. “Jendea abiadura handian ibiltzen da”, azaldu du alkateak. 

Bestalde, despopulazioari aurre egiteko Nafarroako Gobernuak emandako dirulaguntzarekin, frontoiko argiteria berritu, eskolako eraikinera ura eraman, goiko iturrian konponketaren bat egin eta beste hainbat lan txiki egin zituztela azaldu du alkateak. Azkenik, larunbateko batzarrean bakaikuar batek kezka adierazi zuen medikua soilik astean bitan joaten delako herrira. Beste batek, berriz, elizaren atzeko kirol pistan estalpea jartzea proposatu zuen.