Sakandarrak izan gabe, Sakanako herri gehienak ezagutzen ditu Trikidantz taldeak. Festaz festa plazak girotzen aritu dira, baita pandemia garaian ere. Bizitzaz gozatu lema zabaltzen dute. Aurreko asteburuan Iturmendin jo zuten, eta abuztuaren 1ean, igandearekin, 19:30ean, Bakaikura itzuliko dira. Urtero batez beste 60 kontzertu izatetik, 2020an bi kontzertu ematera pasa ziren, horietako bat Bakaikun. Bigarren diskoaren aurkezpena izan zen. Zaleak bildu dituzte, eta sakandarrak beste herrietan emandako kontzertuetan ikusi dituztela aipatu du Arkaitz Mindegia taldeko kideak.
Mindegia da taldearen sorreratik gelditzen den musikari bakarra. Berak eta bere arrebak sortu zuten taldea, duela hogei bat urte. "Trikitixa eta panderoa jotzen genuen, eta hasiera batean mahai inguruan jotzen genuen, bazkarietan eta afarietan". Pixkanaka taldea handitzen joan zen: abeslaria, bateria jolea eta baxu jolea. Duela hamahiru bat urte talde bezala sortu zela azaldu du Mindegiak. "Horrela handitzen joan da, orain arte". Tartean taldekide asko pasatu dira, eta gaur egun Mindegiarekin batera Mikel Fagoaga, Leire Onsago, Odei Berrade eta Eneko San Sebastian musikariek osatzen dute Trikidantz.
Plazak
Trikidantzen egoera naturala festak dira. "Festa giroko" taldea da. "Hasieran trikiti eta pandero erregistro horretan ibiltzen ginen: balsak, kalejirak, jotak eta arin arinak eta abar". Taldea handitu zenean eta bateria eta gitarra sartu zituztenean, taldeen bertsioak egiten hasi ziren. Diskoetan konpositore lana egin zuten ere. Bigarren diskoan bertsolarien laguntza izan zuten letrak egiteko. Trikidantzenak dira Baztandarren Biltzarraren 50. urteurrenaren abestia, San Fermin ikastolako oinez kanta eta abar.
Festa giroko musika taldea, eta duela urte eta erdi festarik gabeko pandemia egoera. "Joan den urtean egoera latzagoa izan zen: 60 kontzertu izatetik, bi kontzertu izatera; eta plaza eta festa giroan jendea dantzan, kantatzen eta abarretan ikustetik, eserita ikustera". Esaterako, Lizarrako kanpinean emandako kontzertua aipatu du Mindegik, jendea toalletan etzana eta terrazan kafea hartzen ari zela. "Diskoaren aurkezpen kontzertu batzuk eskaini genituen aretoetan. Arraroa egin zitzaigun jendea ikustea. Jendeak gu ikusteko sarrera eskuratu beharra ere arraroa egin zitzaigun". Buruari bueltak eman dizkiotela aitortu du, "baina egoera honetara moldatu behar ginen, eta moldatu gara". Eszenatokira igotzean bizitzen dituzten sentsazioak "berberak" dira, are gehiago egoera honetan, "ez dira emanaldi asko ateratzen, eta aprobetxatu behar dira".
Jendea gogoz dago, "kultura kontsumitu nahi du", eta eskertzen dute jendearen nahia. "Kontzertu batean merchandising postura jende asko etorri zen, eta iruzkin asko egin zizkiguten. Sare sozialetan esaten dutenarekin ere indartzen gaituzte".
Errepertorioa
Egoera dela eta, errepertorioa egokitu behar izan dute. Abesti lasaiagoak jotzen dituzte, baina denetarik uztartzen dute. "Bestela, ordu eta erdi edo bi orduko kontzertu batean denak baladak badira, aspergarria izan daiteke". Diskoaren izenburuak dioen bezala, egoera honetan bada ere bizitzaz gozatzeko oihu egiten dute eszenatokitik. Trikitia eta panderoarekin hasi zirenetik duela bi hamarkada inguru, musika estilo asko jorratu dituzte. "Jendeak musika estilo asko entzuten ditu". Musika estilo asko eskatzen ditu ere jendeak. Goazen telesailak alderdi positiboa baduela azaldu du Mindegik, izan ere, berari esker, gazte asko euskal musikara gerturatu dira. "Uste dute Goazenekoak direla kantak, baina aspaldiko euskal taldeenak dira. Haurrek eta gazteek abesti horiek ikasten dituzte".