Iturriek historia polita dute atzean, eta horren bila jo dugu Bakaikura. Herriko iturriak, askak eta garbitokiak ongi kontserbatu dituzte Bakaikun. Gaur egun, hiru iturri daude: goiko iturria, erdiko iturria eta beheko iturria. “Goikoak Angoiko iturria du izena, auzoa Angoia delako. Izan ere, Bakaikun Angoia eta Anbehea auzoak ditugu. Horregatik, beheko iturriak beheko iturria du izena. Uste dut haran goia eta haran behea izan daitekeela izen horien jatorria; hori da nire hipotesia” dio Jesus Ondarra Erdozia bakaikuarrak. Urteetan atzera egin du, Bakaikuko iturriak, askak eta garbitokiak gogora ekartzeko.
Gaur egungo 3 iturriak XIX. mendekoak direla aipatu du Jesus Ondarrak. Angoiko iturria eta Beheko iturria mende erdialdekoak dira, eta erdialdeko iturria, hau da, bideberri ondoan dagoena, herriko etxearen parean, mende bukaerakoa (1895 urtea). “Erdialdekoa modernoagoa dela ikusten da, sinpleagoa” gaineratu du. Iturriak politak dira, baina euren helburu nagusia ez zen apaingarriak izatea; funtzio nagusia ur beharra asetzea zen. Izan ere, garai haietan etxeetan ez zegoen urik. “Jendearendako ura behar zen, ur txorrotak; bestalde, arropa garbitzeko eta harrikoa egiteko ura behar zen, garbitokia; eta baita ganaduarendako ere, askak. Angoiko iturriak hiru funtzio hauek betetzen ditu. Gainera, orduko proiektuan horrela agertzen da, dena egin behar zela, iturria, garbitokia eta aska” esplikatu du Ondarrak.
Angoiko iturria, 18.100 erreal kuarto
Angoiko eta Beheko iturriek hiruna txorrota dituzte, eta erdialdeko iturriak bi txorrota. Iturri zaharrena Beheko iturria da, 1851koa. Angoikoa urte bat gazteagoa da, 1852koa. Bi iturriek bere iturri propioa dute, ez daude ur sareari lotura. Independenteak dira. “Izan ere, egin zirenean ez zegoen ur sarerik. Beheko iturriak bertan zuen iturria edo ura, hura iturri lekua baita. Aldiz, Angoiko iturria egiteko ura basotik ekarri behar izan zuten, Olaskoiturri izeneko iturritik. Han bi iturburu zeuden, eta biak hartu zituzten, herrira ekarri, eta Angoiko iturria egin zuten. 18.100 “reales de vellón” edo erreal kuarto, hori izan zen, guztira, iturria egiteak izan zuen aurrekontua. Lan guztiaren aurrekontua zen hori: goian iturriak hartu, herrira ekarri eta iturri guztia egitea, hau da, txorrotak, aska eta garbitokia, eta guztia martxan jarri. Iturria nork egin zuen ez dut aurkitu” azaldu du Ondarrak. Aldiz, badaki nork egin zuen Beheko iturria. “Proiektua eta aurrekontua Gasteizko Sarasibar arkitektoak egin zuen, eta lanak Idiazabalgo Aseginolazak egin zituen” gaineratu du.
Garbitokiko ur zikina
Angoiko iturria da hiruretan handiena eta osoena, hiru funtzioak betetzen baititu: ur txorrotak, aska eta garbitokia. 1852 urtean eraiki zen eta 1996an zaharberritu zuten. “Kalea urbanizatu zutenean iturria aldatu zuten. Lehen iturriak atzetik etxetxo bezalako bat zuen, ura hartzeko biltegi moduko bat. Urbanizatu zutenean desagertu zen. Aska ere aldatuta dago. Duen teilatu hori lehen ez zeukan. Baina gainontzeko guztia lehen bezala dago” gogoratu du Jesus Ondarrak. Uraren garbitasuna da beste aldaketa nagusia. “Orain ura garbia dago, eta umeak garbitokira sartu eta bainatzen dira, erabiltzen ez delako. Baina lehen, garbitu eta garbitu, hainbeste harriko egiten zirenez, ura zikin-zikina egoten zen. Gogoan dut noizbehinka garbitokia hustu egiten zela, garbitzeko, eta ura zikina ateratzen zen, kolore batekin… eta zer nolako usainak ateratzen ziren garbitzen zutenean! Pentsa garai bateko higiene kontuak nolakoak ziren” dio Ondarrak.
Garbitokietan emakumeak biltzen ziren, eta arropak garbitzen zituzten bitartean kontu kontari aritzen ziren. “Emakumeak biltzen ziren bereziki. Haurrak inguruan ibiltzen ginen mutxikan, iturrian gora eta behera igo eta jaisten, jolasean, baina gure kontu. Orduan ez zegoen inongo arriskurik, autorik ez zegoelako, eta handik hona ibiltzen ginen kalean: basora joan gintezkeen, edo herrira… Ez zen gaur egun bezala, gurasoak haurren gainean daudela. Gaur egungo haurrak superbabestuta daude” aipatu du. Bestalde, ganaduak askan edaten zuen ura. “Ganadua etxetik laskatu egiten zen, eta iturrira eramaten zen ura edatera, orduan etxean ez baitzegoen urik” gogoratzen du.
Beheko iturria egin baino lehen, beste iturri bat omen zegoen bertan, iturria eta garbitokia zituena. “Beheko iturria egiteko arrazoien artean, orduko dokumentuan aipatzen da, gazteleraz, “la fuente y el lavadero está fuera de uso porque el agua…” Urak, nonbait, bidea galdu zuen eta iturrira etorri beharrean putzu batera joaten zen. Horregatik egin zen iturri berria. Baina lehenagotik bazegoen. Uste dut XVI. mendean aipatzen dela han zegoela “la fuente del lugar”. Ez dakigu nolako iturria izango zen, baina iturria zegoela, bai” dio. Angoian ere beste iturriren bat egongo zelakoan dago Jesus Ondarra. “Angoiko txoko batean, gaur egun ere ur zirrista bat etortzen da. Ez da lehortzen, eta hor iturriren bat egongo ote zen datorkit burura. Dokumentuan esaten da bere garaian “la fuente de Olatxoa” delako iturria zegoela Bakaikun eta ganaduarendako aska zuela, “fue a arreglar el pesebre…” jasotzen baitu dokumentuak, baina ez du argi eta garbi esaten non zegoen. Hipotesi bat izan daiteke, baina ez dakigu lehen Angoian beste iturririk ote zegoen” galdetzen dio bere buruari.
Bitxikeria gisa
Angoiko iturritik Beheko iturrira joateko bidea, garai bateko Lizarratik zetorren bidetik egin daiteke, gaur egun berrituta dagoena. Bidearen erdi aldean, Bakaikuko etxerik zaharrena izango denaren ondotik, garai bateko ostatuaren ondotik pasatzeko aukera dago. Garai hartako bideak bi altuera omen zituen, bata oinezkoendako eta bestea, ondoan, gurdiendako.Beheko iturrian bertan Gipuzkoarako bidea zein zen ikus daiteke, eta baita Iruñetik zetorrena ere, bidegurutzea bertan baitago.