Astekaria

Bakaikun, etxean bezala

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko ira. 29a, 14:36

Maru Rosón 'Bakaiku, Casa Única' dokumentalaren egilea. UTZITAKOA

Lucio Urrestarazu birraitona bakaikuarraren historiatik abiatuta diasporaren erretratua egin du Maru Rosón buenosairestarrak: 'Bakaiku, Casa Única'. Lehenengo pertsonan kontatu du bere historia

1913. urtean Luciano Urrestarazu bakaikuarra bizitza hobe baten bila Buenos Airesera joan zen. Ez ziren garai onak Nafarroan, eta ez zekien itzuliko zen ere. Baina ama "besarkada handi" batekin agurtu zuen eta zeruan elkar ikusiko zutela zin egin zion. Duela ehun urte baino gehiago ozeanoa zeharkatu zuen gizon hori ere Maru Rosón buenosairestarraren birraitona zen. Bakaikuko familiaren historiarekin diaspoararen erretratua egin du Bakaiku, Etxe Bakarra (gaztelaniaz, Bakaiku, Casa Única) film dokumentalean. Bakaikun udan aurkeztu zuten lana.

Maru Rosónek Bakaiku gorputzean darama. Modu literalean, herriaren izena ere orkatilan tatuatuta dauka. "Egiten ditudan tatuaje guztiek arrazoi bat dutelako". Bakaiku izena tatuatua zuela, "ikus-entzunezko teknikari ikasketak bukatzen ari nintzen eta ikasitakoa laburtzen zuen proiektu bat aurkeztu behar genuen. Egiten dudan guztiak bezala bizia eta ausarta izan behar zuen". Ausardia aitarengandik jasotako esentzia dela azaldu du Rosónek, Euskal Herriko arbasoetatik jaso zuena. Universidad Nacional de Quilmeseko zuzendariei bere historiaren berri ematen ari zela, Pablo Landaburu eta Carlos Castro euskaldunekin elkartu zen, "bere hautaketetan ni bezain biziak direnak". Haiek izan ziren karrera amaierako proiektu bezala dokumentala egitera bultzatu zutenak. "Ideia ez zela hain ezinezkoa erakutsi zidaten".

Harremanak
Luciano Urrestarazu bi anaiekin bidaiatu zuen Buenos Airesera. Baina gutunen bidez Bakaikun geratu zen Ramon anai txikiarekin harreman "handia" izaten jarraitu zuen. Ramonek familiari esaten zion noizean behin Argentinara gutuna bidali behar zutela, "familiarekin harremanik ez galtzeko". Aldi berean, Lucianok, gauza bera irakatsi zion Rosónen amonari eta Argentinako familiari. "Gutunen joan etorri horri esker, Nafarroako eta Argentinako familien arteko zubi suntsiezina sortu zen".

Luciano hil zenean Rosónen aitak, "kate honen maila garrantzitsuenetarikoa", bere amona Magdalenari zin egin zion herria ezagutuko zuela eta gutuna eskura emango ziela. "Horrela, 1974. urteko irailaren 5ean, nire Luciano hil zenean Rosónen aitak, "kate honen maila garrantzitsuenetarikoa", bere amona Magdalenari zin egin zion herria ezagutuko zuela eta gutuna eskura emango ziela. "Horrela, 1974. urteko irailaren 5ean, nire behineko komunikazio bat". Margaritak eta Primitivok, senarrak, Omar Bakaikuraino eraman zuten, "eta bertan gertaera izugarria izan zen". Margarita eta Primitivo dokumentalean agertzen dira.

Lehenengo bidaia horretatik, Buenos Aires eta Bakaikuren arteko bidaiak etengabekoak izan ziren. "Are gehiago, uste dut urte bat bete nuenean nire aita bertan zegoela Ramon eta bere alabekin, eta bertatik ‘Zorionak zuri’ abestu zidaten".

Bakaiku
Denborak aurrera egin zuen, "baina ez genuen harremana galdu. Gehienbat, nire aitak Bakaikurekin zuen harremana". Rosónendako Bakaiku herri bat baino ez zela uste zuen, "hiritik urrun, Espainiako Estatuan zegoela". Noizean behin Argentinara bidaiatzen zuen osaba edo lehengusuren bat ikusten eta entzuten zuen, "baina oso txikia nintzen, eta ez zen nire interesekoa".

Dena Rosónen nerabezaroan aldatu zen: "Istripu bat izan nuen eta larriki ospitalizatuta egon nintzen. Ebakuntza kirurgiko asko pasa behar izan nituen. Garai horretan herritxo horretatik senideak etorri ziren bisitan, eta niregatik kezkatuta zeuden". Ezin zuen ulertu, nola ia ezagutzen ez zuen jendea, gertuko senideak bezain arduratuta egotea. "Momentu horretan nire jakin-mina piztu zen, eta ulertzeko lehenengo pertsonan ezagutzeko beharra sentitu nuen".

"Nire gurasoek hilabete baterako joan eta etorri bidaia erosi zezaketen bakarrik". 16 urterekin ezin izan zion "horrelako abentura bati" ezetz esan. "Pixka bat errekuperatu nintzenean eta ebakuntzaren zaurien sendaketak egingo nituela zin eginda, zauriak oraindik ez zirelako guztiz osatu, hegazkina hartu nuen". 2006. urtea zen, eta dagoeneko teknologia berriak garatuak zeuden eta komunikatzeko modu gehiago zegoela aipatu du Rosónek, "baina ez orain bezainbeste. Zorte pixka batekin familian ordenagailu bat zegoen eta garatuenek e-posta zuten. Are gehiago herrian. Internetera konektatzeko gune bakarra zegoen, eta arazo asko zeuden". Ordutegi desberdintasuna eta txanpon aldaketarekin batera, "komunikazioa oso garestia zen orduan"

Etxea
Osaba-izeben eta lehengusu-lehengusina guztien izenak agertzen ziren nota bat zen Rosónen erreferentzia bakarra Bakaikura iritsi zenean. "Dena izugarria iruditzen zitzaidan. Aireportuan bertan ate batetik beste batera ibilgailuan joan behar izatea; euskara niretako ulertezina zen. Nola gurea bezalako komunitate batean beste hizkuntza bat hitz egiten zuten". Lehenengo egunak ez ziren oso onak izan, "moldatzea kostatu zitzaidan". Regina Ramonen alabaren etxean gelditzen zen, gaur egun Bakaikura etortzen denean bertan gelditzen da ere, eta berak haiei buruz zerbait zekien arren, "haiek nitaz gehiago zekiten. Oso adeitsuak ziren eta nabaritzen zen etxean bezala egotea nahi zutela". Baina Rosón oso gaztea zen, eta "urbanizatuago" zegoen toki bat espero zuen.

"Sabinorekin, Reginaren senarrarekin, lehengusina txikiena zaintzen zuen, eta euskaraz hitz egin behar zitzaion, bestela ez zidan ulertzen". Bertan euskal ohiturekin "nahasten" hasi zen: "ile motza, hamaika arrazoirengatik festa egitea, Buenos Airesko janzteko estereotipoetatik at egotea, ohiturekiko errespetu osoa… Gaztetatik grabatutako detaileak izan dira". Lehenengo egunetan Argentina faltan botatzen zuelako negar egiten bazuen, agurra esateko momentua iristen ari zenean, itzuli nahi ez zuelako negar egiten zuen. "Praktikanteak egunero sendaketak egiten zizkidan eta zauria ez zela sendatuko itzuli eta bertan berriz ireki artean, ospitaleko birus bat nuelako. Beragatik ez balitz, ez nintzateke hemen historia hau kontatzen egongo".

Bakaikura egindako bidaia hori lehenengoa baino ez zen izan. Beste bitan egon da Rosón Bakaikun. "Geroz eta guztiaz kontzienteagoa izanda eta harro egonda Buenos Airesko pertsona bakarrenetarikoa izan behar naizela, nire arbasoekin hain lotuta dagoena". Argentinan euskaraz hitz egiten entzun ahal izan duenean, "irribarre bat" eragin diote, "zuzenean herrira eramaten nautelako". Euskararen praktika galdu duela azaldu du Rosónek, "Argentinan zaila delako ongi irakasten duen zentro bat aurkitzea, nire ordutegiekin bat egiten duena". Bere izaera "xelebreagatik"gauzak eta proiektu asko ditu, eta euskara "gainditu gabeko irakasgaia" da.

Dokumentala
Baikaiku, Casa Única dokumentala egiteko ikerketa prozesuan Urrestarazuren eta haren oinordekotatik haratago joaten zela konturatu zen Rosón: "Euskal komunitate orokorra hartzen zuen". Hainbat historia ezagutzen joan zen, "eta pentsatutakoa baino euskal familia gehiago ginela ikusi nuen". Haietako askok bere arbasoen ingurukoa ikertzeko motibatu dituela esan zioten. "Beste batzuek ni motibatu ninduten proiektuak merezi zuela ikusteko".

Prozesu horretan Santiago Espinosa Aramburu ezagutu zuen sare sozialen bidez. Antzeko historiak zituztela kontatu zion. "Bere birraitona ere bakaikurra zen, baina berak ez zeukan hainbesteko harremanik. Modu batean edo bestean herriarekiko harreman gehiago izateko kontaktua zuen nirekin". Dokumentalari esker, pandemia aurretik, Espinosak Bakaiku ezagutu ahal izan zuen. "Eta bera ere herriaz maitemindu zen".

Lana aurrera eramatea ez dela erraza izan azaldu du Rosónek: "Dokumentalean pertsonen hutsune garrantzitsuak, grabazioetarako joan-etorri asko, arazoak eta pandemia bat erdian… zulo beltzenean egon arren, beti zegoen zerbait aurrera egitera behartzen ninduena". Azkenean, proiektuak aurrera egin zuen, eta uztailean ikus-entzunezko teknikari tesia aurkeztu zuen Universidad Nacional de Quilmesen. Bederatzi bat atera zuen.

Etxe bakarra
"Titulua izan zen aldatu ez nuen gauza bakarrenetarikoa". Nafarroako senideekin hitz egiten esan zioten Bakaiku bakarra eta etxe hitzen elkartzea dela. "Arrazoizkoa iruditu zitzaidan, gainera, ez dut kasualitateetan sinesten, bai kausalitateetan. Munduko hainbat tokitan egon arren, Bakaiku da etxean bezala sentitzen naizen toki bakarra".

Bakaikuko udako agendan Bakaiku, Etxe Bakarra dokumentala proiektatu zuten herrian, eta Rosónekin bidaiei bidezko hitzaldia ere izan zuten. Gaur egun, dokumentala sareetan publikatuta dago, "eta hedatzen ari da. Ezin dut sinestu". Arte lana "oso zaila" dela esan du, "baloratzea oso erlatiboa delako". Baina proiektuan jarritako esfortzu guztiak merezi izan duela esan du Rosónek. "Nire burua exijitzen jarraituko dut, pertsona eta profesional bezala garatzen jarraituko dut". Arbasoei omenaldia egin dielako "kontzientzia lasai" duela aipatu, "eta gure kate ederrari maila bat gehitu diot". Etorkizunerako belaunaldiei haien historia ezagutzeko aukera eman die. "Nire bizitzako proiektu gorena izan da, dokumentatuz gure erara, bizitutako une bakoitza".

Detaileak
Pandemia garaian "barrurako bidaia" egin zuen, eta etorkizunean "arbasoak eta herria" ondoan izan nahi dituela ondorioztatu zuen. "Aurrera egiteko, borrokatzeko eta nire sustraiekiko errespetu hori nire barruan egongo den su bat izango da, euskaldun egiten nauena".

Dokumentatzearena bizitzak irakatsi diola esan du Rosónek. "Ez zidaten bakarrik ikasketetan irakatsi. Detailetara adi egotea, nire jakin-minari kasu egitea". Gustatzen zaionean lan egiteko bidea hartu du orain: ikus-entzunezkoak, sareak eta komunikazioak. "Dokumentala lehenengo urratsa dela ulertzen dut, izan nahi dudanaren lehenengo urratsa". Proiektua zabaltzea nahi du ere.

Ezin du espektatibei buruz hitz egin, "dokumentalarekin gertatzen ari denaz jabetzen ari naizelako oraindik". Hala ere, euskal eta buenosairestar komunitateen zerbitzura egongo dela esan du: "Horrela antzematen dudalako nire burua". Argentinan zein Nafarroan, "honetan lan egitea" amesten du; "Unibertsoak eskaintzen didan aukera guztiak baliatuz". Momentuz, autonomo bezala izena eman du, lanean ari da, euskara ikasi nahi du eta dokumentalean kontatutako historia eleberri batean ere garatu nahi du. Nafarroara itzuliko da.