Herriko denda bakarrak urte akaberan ateak itxiko dituela eta zerbitzua ez galtzeko pausoak ematen hasiak dira Bakaikun. Lehenik, udalak Maldai kaleko 3. zenbakian bajera bat erosi zuen, han denda jartzeko. Udalak denda prestatu ondoren hura pertsona batek edo kooperatiba batek kudeatu behar zuen argitzeko irailaren 25ean batzarra egin zen aipatu kalean bertan. Han elkartu zirenek bigarren aukeraren alde egin zuten.
Bakaikun izan ziren Itsasondotik etorritakoak ere. Haiek bakaikuarren egoera berean izan ziren martxoan: herrian zegoen denda bakarra itxi behar zen, eta kooperatiba sortu zuten. Beraien esperientziaren berri eman zieten bakaikuarrei. Bileran ere Talaios kooperatibako kideak izan ziren. Haiek ekonomia sozial eta eraldatzailearen esparruan ekintzailetasun eta enpresa eredu berriak sortzen, saretzen eta hedatzen laguntzen dute.
Zehaztu beharra
Talaioseko Andoni Mikelarenak azaldu duenez, “orain Bakaikuren errealitatea abiapuntu izanda, herriaren errealitateari, premiei, egokitutako proiektua definitu behar da”. Horretarako, talde motorra sortu dute bakaikuarrek. Haiek erabakiko dute kooperatibari zein forma eman eta aurrea egiteko zein pauso eman behar diren. “Guk taldearen esku dauden tresnak utziko ditugu eta haiek izanen dira Bakaikuko errealitatera egokitutako tresna, kooperatiba, eraikiko dutenak”, azaldu du Mikelarenak.
Itsasondon eta Bakaikun bezala, “eraikitzen ari den tresna bat da herri kooperatiba. Bakoitzak bere eredua sortuko du. Bere baitan herriko erakundeak, eragileak eta herritarrak hartzen ditu eta herriaren beharrei erantzuten dien tresna da”, esan du Talaiosekoak. “Orain denda premia izan daiteke, baina herri kooperatibak Bakaikuren beste premia batzuk estaltzeko aukera eman dezake ere”, gaztigatu du. Mikelarenak, azkenik, nabarmendu duenez, “beste herriendako ere aukera izan daiteke herri kooperatiba, dauden hutsuneak bete ditzakeenak”.