Enkante publiko bidez, Bakaikuko Udalak herri lurretan dauden hiru epaitza saldu nahi ditu. Hiruren truke 80.067,47 euro eskatzen ditu udalak. Epaitzetako bat Basabean eta mendian dago, zehazki, Irumugeta, Jentizulo eta Bentatxar parajeetan. Epaitza guztira 2.655 pago oinek osatzen dute, honako bolumena dutenak: 633,7 m3 zura eta egur-zura eta 2.655 m3 egurra. Harengatik udalak 58.854,44 euro eskatu ditu. Bigarren epaitza ere Basabea eta mendian, Ikalabeta, Ikalabetako Zuloa eta Errekagaiztoko dermioetan. Baso aprobetxamendu hori pagoz, haritz amerikarrez eta bertako haritz eta basa pinu pixka batez osatuta dago; guztira 4.124 zuhaitz. Handik 78,8 m3 zura eta 862,7 m3 egur aterako dira. Haren truke udalak 12.164,75 euro nahi ditu. Bakaikuko Udalak saldu nahi duen azken epaitza Bargan dago, Atximendi, Dantzalarre, Txozaurdin, Burusnia, Iturlaitz, Idoiko Sasia parajeetan. 6.419 oin pago dira, 712,5 m3 zur eta 4.594 m3 egur egiten dutenak. Bere balioa 9.048,28 eurokoa da.