Oinezkoen segurtasuna handitzeko, herrien barruan ibilgailuen gehienezko abiadura 30 km ordukoa da, baina badira abiadura muga hori errespetatzen ez duten gidariak. Horregatik, Bakaikuko Udalak Elizazpi eta Santioalde kaleetan ibilgailuen abiadura murrizteko oztopo goratuak jarri ditu, zehazki, lau. Horretaz aparte, Burunda ibai gaineko zubian zebrabide goratua jarri du. Aldi berean, San Joan plazan, elkartearen parean, ezinduendako aparkalekua prestatu du. Bideberrialde kalean dauden hiru zebrabideen pintura ere berritu da. Guztia 11.500 euroren truke.
Bestetik, Bakaikun apenas dago LED argirik. Baina irailean San Joan plazako berdegunean jarri zituen Bakaikuko Udalak. Nahiko ilun zegoen ingurua eta beste argitasun bat du orain. Han dauden eskulturak ere argiztatu dira. Lanek 9.600 euroko aurrekontua izan dute. COVID-19ren eraginaren aurrean ekonomia suspertzeko neurriak finantzatzeko udalak Nafarroako Gobernuaren 19.000 euroko dirulaguntza jaso zuen eta harekin ordaindu dira lanak.