Beheko basoan duten natura ondare ugariaren artean, bakaikuarrek gaztainondoak dituzte. Garai batean, herritarren elikaduran garrantzia handia zuten gaztainondoek. Etxe bakoitzak bere zuhaitzak zituen eta haren fruituak jasotzeko eguna zehaztuta zegoen, alguazilak bando bidez jakinarazten zuen. Basotik abere guztiak atera eta basoa zaintzen bi iguraitxiki (zaindari) jartzen zituzten. Zehaztutako eguna iristean, ezkilak jotzean, bakaikuarrak idiek tiratutako gurdiekin gaztaina bila abiatzen ziren basora. Gaztainziyor zeritzon makilak erabiliz gaztainondoak astintzen zituzten, morkotxak lurrera erortzeko. Ohiturak 1960ko hamarkadara arte iraun zuen.
Gaztaina Mozte egunean parte hartu nahi dutenek domekan 09:30ean Bakaikuko plazan egon beharko dute. Handik autoz Izkibileraino joanen dira. Aurten egitekoen artean iñurriya gaztainondoak markatzea izanen da (latxa eta saboia motak ere badaude). Aurreko urtetan ere halako kartelak jarri dituzte bakaikuarrek, eta haien bidez herritarrek gaztainondo bat bestetik bereizteko erraztasunak eman nahi dituzte.
Basoan egin beharrekoak eginda, gaztainak jasota, plazara bueltatuko dira bakaikuarrak, han gaztainak lorontzietan landatuko baitituzte. Eguna despeditzeko udazkeneko pintxoak dastatzeko aukera izanen da Koxko tabernan eta Bakarrekoetxea elkartean.