Zortzigarren kalendaiyua egiteko argazki eske

Guaixe 2021ko aza. 30a, 09:05
Joan den urteko egutegiaren azala. ARTXIBOA

Herriarekin lotura duten hamabi argazki behar dituzte hura osatzeko.

Heldu den astean herriko kalendaiyuari azken orria pasako diote bakaikuarrek, asteazkenean abenduan sartzen baikara. Hilabeteko egutegiarekin batera herriko argazki bat ikusgai izanen dute 31 egunez. Baina haiek pasa ondoren, kalendaiyua mustu beharko dute, 2022koa. Eta hura egiteko herriarekin lotura duten hamabi argazki behar dituzte, Bakaiku protagonista izanen den egutegi berezia egiteko. 

Egutegi hori bakaikuar guztien artean egin nahi dutenez, egileek bakaikuarrei argazkiak bidaltzeko eskatu diete: “zure ustez interesgarriak edo politak diren argazkiak bidaltzea eskertuko genizuke”. Zehaztu dutenez, “argazkiak gaur egungoak edo garai batekoak izan daitezke”. Argazkiak, paperean edo modu digitalean, estankoan, Koxkon edo udaletxean utzi daitezke, edo bakaiku.egutegia@gmail.com e-posta helbidera bidali. Irudiak aurkezteko epea ostegunean despedituko da. Jakina, argazki guztiak berehala bueltako dizkiete jabeei.