Pedro M. Olea Armendariz

"Azoketara joan eta jendea ezagutzea gustatzen zait"

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko abe. 21a, 14:30

Bakaiku eta katxarroak. Herrian eguna ere badute haiei eskainia. Pedro Mari Olea Armendarizek zurezko katxarroak egiten dituela dio. 

Haurrendako jostailuen antza handia dute, ordea. 

1. Zura lantzen noiztik? 
Urteak dira. Hasieran gauzak zintzilikatzekoren bat, edo kutxa txikiren bat egiten nituen, familiakoendako. Halakoak. 

2. Zergatik?
Betidanik gustatu izan zait. Geneak? Ezagutu ez nuen aitona zurgina zen. Osabak erratzak egiten zituen, baina zurgina zen. Eta denbora pasatzeko. Jostailuak egiten bakarrik ikasi nuen. Tailatzeko ikastaro batean izena eman nuen Iruñean eta ez dakit lautan joan ote nintzen. Ama gaixotu zen eta utzi behar izan nuen. 

3. Haurrendako jostailuak egiten dituzu. Zergatik? 
Interneten, Pinterest-en, hasi nintzen jostailuak ikusten: arrastan eraman eta hankak mugitzen dituen martin saltakalaia. Horrekin hasi nintzen. Jostailuren bat egitea gehiago kostatzen zait, baina behin bat edo bi eginda, erraz egiten dira. 

4. Zein ezaugarri izan behar du haurrendako jostailu batek?
Haurrendako deigarria izateko koloreak izan behar ditu. Eta zerbait mugitzen bada, hobe. Eta pieza txikirik ez izatea, haurrek traga ez dezaten. Hiru marran jokoaren aleren bat saltzen duzu, baina mugitzen diren gauzak gehiago saltzen dira. 

5. Zuk diseinatzen dituzu?
Argazkiak ikusten ditut eta handik jostailua atera beharra dago. Klin-klan, klin-klan jaisten den hori… kosta zitzaidan hura funtzionaraztea! Afizioa izan behar da. Eta gustatu behar zaizu, probatzen aritzeko. Bestela, nire-nireak kamioia, orgatila eta halakoak dira, beti ikusi ditugunak. 

6. Eta nola eramaten da buruan duzuna egurrera?
Ahalik eta errazen eta denbora gutxi eskatzen duen modu batean egitea da kontua. Pentsatu. Buruan izanda, pixka bat marraztu eta kitto. Papera, arkatza, erregla eta konpasa. Ez dakit ordenagailuz marrazten. Jostailu batzuk egiteari ez diot heldu, uff!

7. Txantiloiak egiten dituzu?
Gehiagotan egin behar badut, bai. Hura zuraren gainean jarri eta moztea besterik ez baita egin behar. 

8. Zein zura lantzen duzu?
Artisautzarako haritz zaharra. Haritz laminatua zerbait erabili dut. Eta gaztainondoa, zerbait. Jostailuetarako pinua. Eta jostailuaren arabera, kontratxapatua, sendoagoak izateko eta ez hausteko. 

9. Azoketan parte hartzeko pausoa zergatik eman zenuen? 
Idoia Abad Olea ilobak gazteendako arropa egiten zuen. Eta azoketara biak batera joatera animatu ninduen. Hasi ginen. Eta, azkenean, ikusten duzu, artisautza lanak baino jostailuak saltzen direla. Jendeak jostailuak gehiago eskatzen ditu. Hasi eta bi hilabetera ilobak esan zidan berak ezin zuela segitu, bi haur izanda ezin zuelako azoketan ibili. Sei bat urte daramatzat azoketan. 

10. Azoketan ibiltzen zara bakarrik?
Bai. Azoketara joan eta jendea ezagutzea gustatzen zait. COVID-19arekin azokarik ez da izan eta geldi egon gara. Garileko eta agorrileko larunbat guztietan Elizondon egon naiz. Azokaren bat edo beste egiten ari dira. Aurretik Elizondo eta Olloki ditut. Enkarguren bat edo beste jaso izan dut. Edo Facebook-en ikusi badute… Batzuetan jostailu bat ilusio handiz egiten duzu eta erretiratu beharra duzu jendeak kasurik egiten ez diola ikusten duzulako. Beste batzuei egun batean kasurik ez eta hurrengoan denak saltzen dira. Zaila da. 

11. Zeinek erosten ditu jostailuak?
Amak erostea zailagoa da. Izeba edo amona bada, errazagoa da. Aitaren batek ere erosten du seme-alaba isilik izateko, baina ez dira asko. 

12. Zein da zurezko jostailuak saltzeko salmenta garai onena?
Eguberriak ez dira datarik egokienak. Haurrek nahiago dituzte argitxoak eta halakoak. Iragarkietan ikusitakoak. Proportzioan, urtean zehar jostailu gehiago saltzen ditut eguberrietan baino. 

13. Zuk egindako jostailuekin "jolasten" zara, probatzeko?
Askotan. Egurrezko hegalak, makil bat, soka sartu, tiratu eta ea hegan egiten duen. Denak probatu beharra daude. Denak berdin egiten badituzu ere, batzuk hegan egiten dute, eta besteek ez. 

14. Txikitan zerekin jolasten zinen? 
Ez genuen jostailu askorik. Bost anai-arreba ginen, ni azken aurrekoa. Gogoratzen dut noizbait jostailuren bat eskatu, eta gurasoek iruditzen zitzaiena ekartzen zutela. Bestela, esaterako, etxe ondoan zegoen erreka batean sardina latekin jolasten ginen, ea zeinak egiten zuen laster gehien. Azkenean, pela-pela bukatzen genuen, baina, tira. Gauza askotan jolasten ginen, garaiko jolasak.