Atletismoa

Korrikalari onenak Altsasuko Krosean

Maider Betelu Ganboa 2022ko urt. 14a, 14:30

Igandean 9:45ean Altsasu kros herrikoia abiatuko da, 10:15etik aurrera Nafarroako Kirol Jokoen errelebo probak, eta 13:00etatik aurrera Altsasuko Krosa, Nafarroako Banakako Kros Luzeko Txapelketa izango dena. Nafarroako kirolari onenak lehiatuko dira, lehen seiak Espainiako Txapelketara joateko sailkatuko baitira 

Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak prest dauka igandean jokatuko den 36. Altsasuko Kroseko ibilbidea, guztiz garbituta eta markatuta. Azken astean makina bat korrikalari hurbildu dira Altsasuko ibilbide gogor bezain ederra probatzera. Esaterako, larunbatean Iruñetik korrikalari kuadrilla ederra bertaratu zen, eguraldia lagun, ibilbidea osatzera. Larunbatetik asteartera eroritako euriak zirkuitua guztiz lokaztu zuen, baina asteazkenetik ateri dago eta iganderako egun hotz baina eguzkitsua espero denez, zirkuitua dezente lehortuko dela espero da, eta atletismoaren festa ederra bilakatuko da Dantzaleku. 

Lasterketak goiz osoan zehar
36. Altsasuko Krosa Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak antolatu du, Nafarroako Atletismo Federazioaren, Nafarroako Gobernuaren, Altsasuko Udalaren eta hainbat babesleren laguntzarekin. Proba ezberdinak jokatuko dira. Goiztiarrena Altsasuko Kros Herrikoia izango da, 9:45ean Dantzalekuko pistetatik abiatuko dena (5.960 m, zirkuituari hiru itzuli). 10:15etik aurrera Nafarroako Kirol Jokoen errelebo probak jokatuko dira, Usolarrainen kategoria txikienendako prestatutako zirkuituan. 18 urtez azpikoak, 16 urtez azpikoak, 14 urtez azpikoak eta 12 eta 10 urtez azpikoak lehiatuko dira hurrenez hurre, lauko erreleboetan.

Bukatzeko, 13:00ak inguruan Altsasuko Krosa jokatuko da, atleta federatuen proba, aldi berean Nafarroako Banakako Kros Luzeko Txapelketa izango dena. 20 urtez azpiko emakumeek 5.960 m. osatuko dituzte, 20 urtez azpiko gizonek 7.800 m. eta lasterketa absolutuak 9.800 m.). Lehendabiziko sailkatu nafarrek Espainiako Banakako Kros Txapelketan parte hartzeko txartela lortuko dute eta, atleta nafar onenak hurbilduko dira Dantzalekura: Javier Nagore, Atharratze Rota, Miguel Aristu, Abdelkader Louaar, Ayrton Azkue, Vanesa Pacha, Ainara Alcuaz… Tartean izanen dira ere Altsasuko San Silvestreko irabazleak, Israel Arbizu etxarriarra (Hiru Herri) eta Izaskun Beunza olaztiarra (Beste Iruña). Azken hau igandean Valentziako 10 Kilometroko Ibercaja lasterketan lan ederra egitetik dator. 35 urtetik gorako beteranoetan laugarren emakumea izan zen eta bere marka pertsonala ondu zuen (36:10). Bere taldekide Adur Senar lakuntzarrak ere lan ona egin zuen (34:10). 

Bestalde, Izaskun Beunzak azaroaren bukaeran Espainiako Master Atletismo Txapelketan aritu zen, Ourensen. 1.500 metrotan urrezko domina lortu zuen olaztiarrak, eta 3.000 metrokoan zilarrezkoa, 2 ehunenekora, Donostian abendu bukaeran hobetu zuen marka. 

Ibilbidean aldaketak
Dantzalekukoek joan den urteko zirkuituan aldaketak egin dituzte, zirkuitua luzatuz. 1.920 metroko zirkuitua da prestatu dutena, eta horri Dantzalekuko pistetatik atera eta sartzea diren 200 metroak gehitu behar zaizkio. Dantzalekutik aterata, futbol zelai zeharretik sartu eta Dameroan sartzen da ibilbidea, Txanti errekan buelta hartuta, atzera ere futbol zelai zaharrera atera eta gero Usolarrainera sartzen dena, han bueltatxo bat egin eta Txuspo Poyoren zuhaitzeko etxetik pasaz, Dantzalekuko pistetako helmugara iritsiko dena. 

Osasun larrialdia dela eta, eskatutako osasun neurriak beteko direla azaldu du antolakuntzak eta igandean Altsasuko Krosa ikustera animatu ditu sakandarrak “zirkuitu ikusgarria prestatu dugulako, korrikalari apartak arituko direlako eta primerako giroa egongo delako”.  

Dantzalekuko lehendabiziko krosak 50 urte
Igandean jokatuko dena Altsasuko 36. Krosa da, eta hain zuzen ere 50 urte beteko dira Dantzalekun lehendabiziko krosa antolatu zenetik. Horregatik, Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak urteurren berezia ospatu nahi du. “Duela 50 urte Altsasuko Krosa lehenengoz Dantzalekun antolatu zuen Lagun Onak elkarteko kuadrilla hura izango dugu gogoan, eta omenaldi xume bezain polita egingo diegu. Tartean zegoen azaroaren 15ean zendutako Candi Arnanz. Lasterketak antolatzeaz gain, lasterketa guztietan parte hartzen zuten, eta Espainiako Txapelketetan zenbaitetan hartu zuten parte, Nafarroa ordezkatuz. Candi bera korrikalaria, entrenatzailea, epailea eta lasterketa antolatzailea zen. Altsasuko Kros nagusia bukatzerakoan, Dantzalekun egingo den sari ematean omenduko ditugu, ordu biak laurden gutxi aldera” azaldu du Dantzaleku Sakana Klubeko Peio Bergarak. 

Omenaldira gerturatzeko deia
Halaber, Lagun Onak elkarteko taldekide horien senitarteko eta lagunei deialdia egin diete, ekitaldira hurbiltzeko.