Joan den astelehenean, ilbetzaren 17an, izan zen San Anton. Sainduari eskainitako kofradiako kideak, ohi bezala, hurrengo larunbatean elkartu ziren. Hildako kofradeen omenezko mezaren ondoren, 20 bat kofradek bilera egin zuten. Mario Gastaminza Manso maiordomoak eta Eduardo Urrestarazu Fernandez beleroak elkartearen egoeraren berri eman zieten bildutakoei. Jakinarazi zutenez, bi kofrade hil dira azken bilkuraz geroztik: Jose Barandiaran Albizu eta Joaquin Anso Arbizu. Gaur egun elkartea 83 kidek osatzen dute. Hurrengo urtean belero ardura Xabier Goikoetxeak hartuko duela aurreratu zuten.
Larunbateko berritasuna kofradiaren hirugarren akta liburua izan zen. Joan den urtean Madrilgo koadernaketa tailerreko Ana Jessen zaharberritzaile eta artisauari liburua egitea enkargatu zioten eta atzo mustu zuten. Kofradiako buruzagiek azaldu zutenez, denboraren pasa behar bezala irauteko, larru bereziko azala du akta liburuak, eta papera lodiagoa da, pergaminoa, “horrela, orriak ez dira horitzen eta tintak gehiago irauten du”. Liburuak 954 euro balio du.
Liburuez eta kutxaz
Kofradiaren aurreneko akta 1716ko ilbeltzaren 17koa bada ere, han aipatzen da aurreko urtean eratu zela elkartea. Lehen liburuak 1716 eta 1857 urteen arteko aldia hartzen du. Bigarrenak, berriz, 1858 eta 2019 artekoa. Kofradiak bi urte libururik gabe eman duenez, larunbatean mustutako liburuan 2020 eta 2021eko elkartearen jardueraren berri jaso zuten.
Akta liburuarekin batera, Juan Jose Urrestarazu kofradeak egindako kutxa ere aurkeztu zuten. Haren barruan gordeko da urtean zehar liburua. 85 urteko bakaikuarrak intxaurrondo egurrarekin egin du kutxa. Zurgin izandakoa gaztetan, eraikuntzan aritu zen urtetan, baina zizelarekin zuen trebezia ez du galdu. Berak egina da kofradiako lehen akta liburua gordetzen duen kutxa. Liburu hori zaharberritu eta eskaneatu egin zuen kofradiak duela bederatzi urte. Bigarren akta liburuko kutxa Ramon Gilek egin zuen.