Kofradia bi urte egon da akta libururik gabe.
1. Larruzko tapak eta paper berezia behar zituen akta liburuak?
Bai. Kofradiaren hirugarren akta liburua da mustu duguna. Ohore bat da liburua mustutzea. Oso garrantzitsua da, tradizioa jarraitzeko, horrelako gauzak izatea. Ana Jensen Madrilgo artisauari enkargu berezia egin genion, eta emaitzarekin nahiko kontentu gelditu gara. 954 euro balio ditu eta lastailean iritsi zen.
2. Txarok dendan halakorik ez du saltzen, ezta?
Zoritxarrez ez. Horrelako liburua behar dugu, irauten dutelako. Aurrekoak, zehazki, 161 urte iraun zuen. Gaur egungo tinta, boligrafoak-eta arazo bat dira, desagertzen da. Paper berezi bat izan behar duzu idatzitakoa mendeetan irauteko. Horregatik, liburu hau eskuratzeko nahia. Akta liburuan guztia ongi zehaztea behar dugu, hurrengo belaunaldiendako. Eta horregatik eskuratu dugu halako akta liburua.
3. Ez zen nahikoa gaur egungo akta liburu batekin?
Ez, batere ez. Zeren 50 urte pasata ezin da ezer irakurri tinta desagertzen delako. Eta, egia esan, arazo bat da.
4. Eta zergatik ez ordenagailu bat aktak hartzeko?
Gogoratu zer gertatu zen bideoaren VHS sistemarekin. Nik etxean zinta batzuk ditut eta ezin ditut erreproduzitu, ezin ditut ikusi. Arazo bat da, eta informazio pila galtzen da. Ordenagailuekin beste horren beste gertatzen da. Nork ez ditu makina bat argazki ordenagailu batean? Istripu bat edo ordenagailua galdu, eta akabo argazki guztiak! Kasu honetan gauza bera gertatuko litzateke. Horregatik, horrelako akta liburu berezi bat behar dugu.
5. Zenbat orri ditu akta liburu berriak?
Ia 200 orri ditu. Kontua da gaur egun akta guztiak euskaraz eta gaztelaniaz idazten ditugula. Geroz, ziur aski, ez du 150 urte iraunen. Ehun urte inguru iraunen du, hortxe ibiliko da.
6. Halako liburu batek kaligrafia zaindua eskatzen du?
Bai. Lehendabiziko liburuan eta bigarren liburuaren zati handi batean aktak idazteko arduradun bat zegoen beti, kaligrafia berezi bat zuena. Ondoren urteko maiordomoak akta idazteko ohitura hartu zen. Eta garai horretan denetarik ikusten zen: kaligrafia oso txarra, ez da ezer ulertzen… Azken bost urteetan Javier Negrin anaia ari da akta guztiak pasatzen. Kristoren kaligrafia du, eta, gainera, lumaz idazten ari da. Egia esan, oso txukun eta oso polita gelditzen da.
7. Halako liburu batean tatxoiak?
Hori, heriotza zigorra! Kar, kar, kar.
8. Eta mustu duzuen egurrezko kutxa hori, zergatik eta zertarako?
Liburu bakoitza zurezko kutxa banatan gordetzen dugu. Zer gertatu zen? Lehendabiziko liburua ehun urte baino gehiago galduta egon zen. Apaiz etxe zahar batean opatu genuen, eta oso baldintza kaxkarretan zegoen. Eta eskarmentu horrekin erabaki genuen liburu bakoitzarendako egurrezko kutxa bat egitea, han gordetzeko. Beti kutxa nahikoa berezi bat egiten dugu, San Antonen motibo guztiekin grabatuta.
9. Zeinek egin du kutxa?
Juan Jose Urrestarazu anaiak. Eta jende guztia nahiko kontentu gelditu da horrekin.
10. Zer sentitzen da halako liburu bat mustutzean?
Bi gauza. Alde batetik, harrotasuna. Guri tokatu zaigu. Baina baita ardura. Hor ikusten da kofradiaren jarraipena, zenbat belaunalditan egon diren bakaikuar asko eta asko San Anton omentzen. Baita beraien hildakoen alde otoitz egiten ere. Halako kofradia bati jarraipena nola eman, horregatik ardura pixka bat sentitzen duzu.
11. Bakaikuarren genealogia osatzeko lagungarriak daitezke liburu horiek?
Bai, nahiko zehatza. Hor ikusten dira gaur egungo abizen asko eta asko: Lopez de Zubiria, Fernandez de Garaialde, Zelaia…
12. Emakumeren bat agertzen da liburuetan?
Momentuz ez. Baina eskatuz gero aztertuko genuke eta guztion artean erabakiko genuke. Nik ez dut arazo potolorik ikusi. Ziur aski denetariko iritziak egonen dira. Jendeak nahiko normal hartzen du gaia, eta ez dut uste inolako arazorik izanen litzakeenik emakumezkoak sartzea. Tradizioagatik izan dira gizonezkoak kide. Gainera, kofradiaren sorrerako 13 kapituluetan edo arauetan ez da ezer agertzen kideen generoari buruz.
13. Gaur aktak ele bitan jasotzen duzue. Lehen?
Dena gaztelaniaz.
14. San Antondik San Antonera, liburuak lo gelditzen dira?
Bi liburu zaharrak elizan gelditzen dira. Eta erabiltzen den liburua maiordomoaren ardurapean gelditzen da urte osoan. Maiordomoa aldatzean etxe batetik bestera pasatzen da liburua.