Bakaikun aurten kinta bakarra dago: Eider Vicente Goikoetxea-Ziordia. Joan den urtean ospatu behar zuen kinto festa, baina pandemiagatik bertan behera gelditu eta urte bat beranduago iritsi zaio festa garaia. Hala ere, horrek ez du esan nahi Vicentek kinto ospakizuna bakarrik eginen duenik. Izan ere, ohi denez, kinto zaharrak eta kinto gazteak egonen dira berarekin batera. Aurrenak bi dira eta, atzenak, bi. Beraz, bost gazte bakaikuarrek osatuko dute kinto segizioa.
Gaur elkartuko dira estreinakoz, Koxko tabernan afaltzera. Handik Iturmendira joko dute parranda egitera. Hala ere, Bakaikuko kinto ospakizuneko egun handia biharkoa izanen da. 09:00ak aldera elkartuko da kinto segizioa. Boskoteaz aparte beste hamar beti kinto izanen dira: 1979ko kintako lau eta 1994ko sei. Gosaldu ondoren, trikitilaria eta pandero jolea lagun dituztela, kinto eskean arituko dira herrian barna. Jasotzen dutenarengatik esker ona azaltzeko kintoek ardoa eskainiko diote eskuzabal jokatzen duten bakaikuarrei. Herrian barnako kalejira bazkal garaian despedituko dute. Aritzalko jatetxean bazkalduko dute eta, ondoren, Altsasuko bidea hartuko dute, han parrandan segitzeko.