Bestelako argindar eta telekomunikazio ereduak ezagutzeko aukera

Guaixe 2022ko ots. 11a, 14:23

Egoitz Urritza Lazkoz alkatea Izarkomeko ordezkariarekin. BAKAIKUKO UDALA

Gaur, 18:30ean, udaletxean Izarkom eta Goinener kooperatibetako ordezkariek beraien lana eta eredua zein den azalduko dute. Biak udalaren telekomunikazio eta argindar hornitzaileak dira.

Bakaikuko Udala 2018tik da Goiener kooperatibako bazkide eta herriko argiteria publikoa eta eraikinetako argindarra beraiekin kontratua du. Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatiba bat da. Gaur egun, argindarra sortzen eta banatzen ari da. Bere helburua energia subiranotasuna berreskuratzea da. Bestetik, Bakaikuko Udala 2020tik Izarkom kooperatibako bazkide da eta internet eta telefono zerbitzuak beraiekin kontratatuta ditu. Telekomunikazio burujabetzaren alde udala eta Izarkom elkarrekin lanean jarraitzeko asmoa dute, eta herrian dauden gabezia eta aukeren azterketa egitekotan geratu dira. Izan ere, Izarkomen helburua telekomunikazio burujabetza da, hau da, herri gisa beharrezkoak diren telekomunikazio azpiegitura, zerbitzu eta baliabideak eskuratzea. 

Bateko eta besteko ordezkariak gaur Bakaikuko udaletxean izanen dira, argindarraren eta telefono/interneten inguruan dituzten proposamen eta ereduak azaltzera. Bakaikuko Udaletik azaldu dutenez, “argindar hornidurarendako eta internet/telefonoarendako oso alternatiba interesgarriak direla uste dugu”. Horregatik, bakaikuar guztiak aurkezpenera gerturatu eta lehen eskutik informazioa jasotzera animatu dituzte. 

Ezaugarriak
Bi kooperatibek Ordizian dute egoitza. “Edozein duda edo arazoren aurrean laguntzeko prest daude beti, esaterako: etxean kontsumitzen duzun argindarraren estudioa egiten dute faktura jaisteko, egitura berriak sortzeko laguntza eman, aholkuak eman, eta abar”. Bi kooperatibek “herritarrak, herriak eta komunitatea erdigunean jartzen dute”. Gainera, “irabazi asmorik gabekoak dira. Etekinak bere helburuak lortzeko beharrezkoak dituzten proiektutan berrinbertitzen dituzte”. Bien beste bereizgarri bat langileen lan baldintzak errespetatzea da. Beste gizarte eredu baten alde lan egiten dute, euskaraz.