Disko jaurtiketa

Beste metro bat gehiago

Maider Betelu Ganboa 2022ko ots. 15a, 12:00

June Kintana otsailaren 9an Larrabiden, Nafarroako Neguko Jaurtiketa Luzeen Txapelketan.

Ilbeltzaren 22an egindako jaurtiketa (52:34 m) igandean metro batean hobetu zuen June Kintana Larraza disko jaurtitzaile bakaikuarrak (53:56 m) Larrabiden jokatutako Nafarroako Neguko Jaurtiketa Luzeen Txapelketan

Aurtengoa orain arteko denboraldi hasierarik hoberena izan dela adierazi zuen June Kintana Larraza disko jaurtitzaile bakaikuarrak ilbeltzaren 22an Leongo atletismo kontrol batean aritu eta diskoarekin 52,34 metroko jaurtiketa egin eta gero. Sentsazioak onak zirela, eta otsailaren 6an Larrabiden jokatutako Nafarroako Neguko Jaurtiketa Luzeen Txapelketan ildo beretik jarraitzea zen bere asmoa. Eta baita lortu ere, Grupompleo taldeko atletak etxean metro bat urrunago bidali baitzuen diskoa, 53,56 metrora hain zuzen ere. Bigarren jaurtiketan lortu zuen marka, lehengo jaurtiketan falta egin eta gero. Beraz, progresioan jarraitzen du Nafarroako Neguko Jaurtiketa Luzeen Txapelketako txapelduna denak. 

Bigarren bere lagun Andrea Alarcón sailkatu zen (51:97 m, Agrupación Atlética de Cataluña), eta hirugarren Grupompleo Pamplona Atletico taldeko bere taldekide Angela Ferrera (38:28 m). 

Asteburuan Espainiako Txapelketara
Nafarroako Txapelketa irabazita, June Kintanarendako neguko denboraldiko helburu nagusienetako bat asteburuan, otsailaren 19an Motrilen jokatuko den Espainiako Neguko Jaurtiketa Luzeen Txapelketa da. Ongi entrenatzen ari dela azaldu du bakaikuarrak, sentsazioak “onak” direla berretsi du, eta “pozik” dagoela.