Astekaria

Eskolena zen eraikinean lanak aurki hasiko dira

Guaixe 2022ko ots. 22a, 11:05

Bakaikuko eskola zen eraikinaren maketa elizako jaiotzan jarrita egon da. Jose Angel Galarzak egin zuen.

Teilatua berritzeko lanak otsaila akaberan hasiko dira. Beheko solairua aurten berritu nahi du udalak. Han haur eta gazte txokoa eta erabilera anitzeko gela prestatuko du. Goiko solairua hutsik geldituko da. Nasuvinsa enpresa publikoarekin hizketan ari da udala han gizarte etxebizitzak egiteko.

Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planean jasotako lan batzuk ez dira egin. Halakoetan foru administrazioak dirua erreserban gelditu ziren udalen artean banatzen du. Bakaikuko Udalak Nafarroako Gobernuaren 54.933,11 euroko dirulaguntza jaso zuen. “Abenduan jakinarazi ziguten”, azaldu du Egoitz Urritza Lazkoz alkateak. Dirulaguntza horrekin eskola zenaren teilatua konponduko du udalak. Lanak Construcciones Leache enpresak eginen ditu eta haiengatik 72.000 euro inguru (BEZ kanpo) jasoko ditu. Lanak otsailaren 21ean hasiko dira. 

Eraikina berritzeko Bakaikuko Udalak foru administraziotik jasotzen duen dirulaguntza bakarra ez da hori. Izan ere, Nafarroako aurrekontuen tramitazioan, EH Bilduk proposatuta, Bakaikuko Udalari 125.000 euroko transferentzia zuzena egitea onartu zen. Urritzak azaldu duenez, “diru horrek ez du eraikin guztia zaharberritzeko ematen. Isolatzeko ere ez du ematen. Beheko solairuan ahal den gehiena eginen dugu. Gaur egun lanen proiektua fintzen ari gara”. Bakaikuko alkateak argitu duenez, behean haur eta gaztetxokoa eta erabilera anitzetako gela prestatu nahi dituzte. 

Goiko solairuan bizpahiru etxebizitza egin nahi lituzke udalak. “Gizarte alokairuko etxebizitzak lirateke. Horretarako Nasuvinsa enpresa publikoko ordezkariekin hitz egiten ari gara. Bakaikun egon ziren eta eraikina ikusi zuten. Txosten bat prestatzen ari dira. Bitartean zain gaude” esan du Urritzak, eta gaineratu du “printzipioz goiko solairua hutsik” geldituko dela. Lanei dagokienez, alkateak nahi luke haiek martxo-apirilerako ematea, azaro akaberarako despedituta egon behar baitute. 

Denda 
Gaur egun herrian dagoen denda ixtear dela eta Bakaiku zerbitzurik gabe ez gelditzeko bakaikuarrek denda bat zabaltzea erabaki zuten, eta udalak erabakia babestu. Egoitza erosita hura egokitzeko dirulaguntza eskaera egina du udalak Cederna-Garalurren bidez. 86.000 euroko aurrekontua luke Maldai larraineko 3. zenbakiko egoitza egokitzeak. Bitartean bakaikuarrak denda kudeatzeko herri kooperatiba sortzen ari dira, udalaren laguntza izanen duena. 

Bestetik, Bakaikuko Udalak energia eraginkortasunerantz pausoak eman eta argindar faktura murrizteko argiteria publikoko bonbillak LED argiengatik ordezkatu nahi ditu, argiaren intentsitatea jaisteko tresnak jarri, besteak beste. Horretarako, dirulaguntza eskatu du. 130.000 euro inguruko inbertsioa da, %100 finantzatuko litzatekeena laguntzaren bidez. Udalean dirua emanen dieten jakiteko zain daude. Azkenik, abenduko uholdeek dermioko bide bat 40 metroko luzeran hondatu zuela jakinarazi du alkateak, eta hura konpontzeko dirulaguntza eskatuko du udalak.