Nafarroako osasun sistema publikoa "hondatzen" ari dela, eta haren aldeko defentsa egitera hots egin zuten bakaikuarrek hilaren 12an. Mediku kontusltategia inguratuz osasun sistemaren aldeko defentsa irudikatu zuten. Gaztigatu zutenez, "pandemiaren ondorioz, egoera larriagotu da. Langileen artean prekarietatea oso nabaria da, batez ere osasun langilerik ez dagoelako eta gehiegizko lan karga dutelako". Ondorioz herritarrek behar bezalako arreta ez dutela jasotzen azpimarratu zuten.
Hori guztia dela eta, biztanleriari ez zaio behar bezalako arreta ematen, esaterako, "Bakaikuko osasun kontsultategiko arreta egunak murriztu dira". Horregatik, larunbatean elkartu ziren bakaikuarrek exijitu zuten herriko "kontsultategiak pandemia aurretik zuen jarduera berreskuratu eta indartzea". Horrekin batera honako beste eskaerak egin zituzten bakaikuarrek: lehen arreta osasun zerbitzua indartzea, aurrez aurreko presentzia handitzea, osasun sistema publiko indartsua izateko behar den dirua bideratzea eta dauden osasun langileak zaindu eta langile kopurua handitu.
Aldi berean, bakaikuarrek nabarmendu zuten, osasungintza "negozio pribatuak ez dira diru publikoarekin finantzatu behar". Bilkuran izan zirenen iritziz, "ezin dugu osasun sistema publikoa erortzen utzi. Gure gizarte ongizateko oinarri garrantzitsuenetako bat baita". Herritar, eragile eta instituzioei horren alde egitera hots egin zituzten.