Disko jaurtiketa

June Kintana, Espainiako txapelduna

Guaixe 2022ko ots. 21a, 13:30

June Kintanak seigarren aldiz irabazi du Espainiako Neguko Jaurtiketa Luzeen Txapelketako disko jaurtiketa txapelketa. ESPAINIAKO ATLETISMO FEDERAZIOA

Espainiako Neguko Jaurtiketa Luzeen Txapelketa seigarren aldiz jarraian irabazi zuen bakaikuarrak, 54,02 metroko jaurtiketarekin

June Kintana Larraza atleta bakaikuarrak (Grupompleo Pamplona Atletico) XII. Espainiako Neguko Jaurtiketa Luzeen Txapelketan parte hartu zuen asteburuan, Motrilgo (Granada) Antonio Hidalgo estadioan. Txapelketa hau neguko helburuetako bat zen atleta bakaikuarrarendako, lortutako helburua, emakumezkoen disko txapelketan gailendu eta urrezko domina lortu baitzuen, kilo bateko pisua duen diskoarekin 54,02 metroko jaurtiketa egin eta gero. Guztira sei jaurtiketa egin zituen bakaikuarrak, eta bosgarrenean lortu zuen bere markarik onena.

Kintanak seigarren aldiz jarraian lortu du Neguko Jaurtiketa Luzeen Txapelketa irabaztea eta alde ederrarekin gailendu zen, Natalia Sainz bigarrenari (Valencia Club Atletismo) metro bateko aldea atera baitzion (53,02 m). Hirugarren Andrea Alarcón izan zen (AA Catalunya, 51,81 m.).