Ihoteak-Inauteriak 2022

Kamarroak, mende laurdena

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022ko mar. 7a, 14:33

2003ko kamarro segizioa. ARTXIBOA

Duela 25 urte Bakaikuko Euskara Batzordeak garai bateko herriko ihoteak berreskuratu zituen. Kamarroak ziren bertako pertsonaiak, soinean zaku jantziak daramana eta bakoitzak egokitzen duen pertsonaia

Kamarroa Bakaikuko herri ihoteetako pertsonaia da. Pertsonaia bakarra da. Edozein izan daiteke kamarro. "Nahikoa da soinean zaku bat jartzearekin". Duela 25 urte Euskara Batzordeak, gazte kuadrillak sustatuta, inauterietako pertsonaia berreskuratu zuten. Tartean Iñaki Urteaga historialari bakaikuarra zegoen. "Istorioa bitxia da. Txikitatik aitonari entzuten nion honi buruz. Txikitan entzuten genituen kamarroen gaia. Pertsona bat, bi edo hiru mozorratzen ziren eta jendearen atzetik korrika joaten ziren makil batekin". Urteagaren aitonak esan zion kamarro txikiak eta kamarro handiak zeudela, eta batzuk larunbatean ateratzen zirela, eta besteak asteartean. Pandemiaren eraginez aurreko urtean ezin izan zituzten ihoteak ospatu, baina aurten larunbataren 26an kamarroek 25 urteurrena ospatu zuten.

"Kasualitatez egun batean nire kuadrilla eta gu baino gaztetxoagoa den kuadrilla bat elkartean geunden eta bertan zegoen liburutegi batean inauteriei buruzko liburu bat topatu genuen". Bakaikuko ihoteei eta kamarroei buruz aurkitu duten testigantza bakarra da. "Gizon hau bakaikuarra zen eta Olaztin bizi zen". Carnavales de Navarra deitzen da liburua. "Bertan kamarroak nola janzten ziren, zakuzko arropekin baina modu aldrebes batean jantzita eta makil handi bat zeramatela, zaparra deitzen dena. Domekan eta asteartean ateratzen zirela aipatzen zuen; asteartea egun indartsuena zelarik". Egun horretan, kamarroekin, goldea ateratzen zen eta zenbait kamarro "karetarekin" ateratzen zirela azaltzen zuen ere liburuan. Liburu horretan kamarroei buruz beste datu "oso bitxi" bat topatu zuten: "Beste kamarro batzuk artilezko jantzi bat eramaten zuten eta elkarri sua ematen zioten, eta aska batera eramaten zituzten ez erretzeko". Horrelakoak egiten zirela konfirmatzen zuten bi testigantza jaso ditu Urteagak, baina berreskuratutako inauterietan ez dute "halakorik" inoiz egin.


2003ko kamarroak. ARTXIBOA

Kamarroak
Bakaikuko inauteriak, berez, ez ziren galdu. Izkutuan ospatzen jarraitu zuten, oso modu xumean eta isilean. "Bakaikun ez zen etendura egon. Modu publikoan ez omen zen ezer egiten, baina kontatu izan didate etxe batean ama mozorrotzen zela eta etxekoei sustoa ematen ziela, edo emakume dirudun batzuk egun batean mozorrotu zirela eta irina bota zietela". Herriko jendeari galdetuta, "ezer ez zela egiten" esaten omen zuten, "baina gero esaten zuten, 'baina beno...'". Herri inauteriak herritarrek gordetzen dituzte, eta, horregatik, elkartean aurkitutako liburua eta herriko jendearen testigantzak izan ziren Bakaikuko inauteriak berreskuratzeko oinarrizko informazioa. "Fakultatean bilatzen egon nintzen, baina herriko jendeari galdetu genion ere". Hortik abiatuta ihoteak nola prestatu eta nola egin pentsatzen hasi ziren. Kontuan izanda Bakaiku herri txiki bat dela, bi egunetan ateratzea gehiegi iruditu zitzaien, "gainera, parte hartzailea izatea nahi genuen, jendea animatzea". Horregatik, larunbatean babarrun jatea egitea eta goldea ateratzea pentsatu zuten, "goldea nire etxetik hartu genuen, oraindik jarraitzen dugu hartzen, 25 urte bete ditu".

"Kamarro zaku bat jarri eta dagoeneko izan zaitezke kamarro". Herri inauterietako pertsonaia bakarra da, baina denborarekin, 25 urte hauetan, aldaketak egon direla aipatu du Urteagak. "Belaunaldi berriak etorri dira eta bakoitzak bere grazia eta kolorea eman dio". Inauteriak egokitzen joan dira. "Ez da pertsonaia bat ezaugarri finko batzuk dituena. Bakoitzak bere modura egoki dezake".

Aurrera begira
1997an lehenengo aldiz egin zutenean, oraindik ez zen Bakaikuko Gazte Asanblada existitzen, gaur egungo antolatzaileak, eta Euskara Batzordeak antolatu zituen inauteriak. Aurretik maskarak sortzeko tailer bat antolatu zuten, eta egunean bertan sorpresaz atera ziren. "Etxeetara joaten ginen eta sukalderaino sartzen ginen...". Hurrengo urtean, jendeak mahaiak etxearen aurrean prestatuta zituen. "Bigarren urterako asko aldatu zen". Ondoren, beste belaunaldi bat sartu zen gauzak aldatuz. "Oso dinamikoa da". Jendeak jantziak asko lantzen ditu. Norberaren sentimendu bat sortu da, "egun garrantzitsua da, polita".


Kamarroak 2003ko inauterietan. ARTXIBOA

Larunbatean, otsailaren 26an, beste urte batez kamarroak atera ziren Bakaikun. "Inolako handikeririk gabe berreskuratu genituen, ez dugu aurten ezer egin ere". 25 urte hauetan bitan ez dira kamarroak atera: "Ihoteetan ateratzen zen Borja akordeoilaria hil zenean; erabaki genuen ez ateratzea". Eta aurreko urtean, pandemiaren urtea, 2021ean.

25 urteurrena ez dute ospatu, baina Urteagaren eta antolatzaileen artean "zerbait handiago" prestatzea pentsatu dutela esan du bakaikuarrak, baina gauza bat eta beste proiektua "stand by-ean gelditzen da". Ihoteen ikuspegi zabal bat eskaini nahi dute, "adibidez, dokumental bat". Inauterien historia "beste mundu oso bat da". Erromatarren garaiko ospakizunekin hasi zirela diote, baita Europako zeinbait herrialdetako erritu paganoekin antzekotasunak dituztela ere. "Niretako garrantzitsuena da garai batean egiten zutena gutxi gora behera egiten dugula".

Erlazionatuak

Kamarro, txirri txarro

Guaixe 2022 ots 28 Bakaiku