Udalak bi epaitza saldu nahi ditu

Guaixe 2022ko mar. 15a, 11:10

Bakaikuko ikuspegia. ARTXIBOA

Bata Basabean dago eta bestea Bargan.

Bakaikuko Udalak udazken hasieran hiru epaitza saltzeko enkantea deitu zuen. Hiru epaitzetatik bakarra saldu zuen, Irumugeta, Jentizulo eta Bentatxar parajeetakoa. Harengatik udalak 65.025 euro jasoko ditu Explotaciones Forestales Zubillaga Saralegui SM enpresaren eskutik. Beste bi epaitzak saldu ez zirenez, atzera ere, enkantea deitu du Bakaikuko Udalak; baina prezioan %10eko beherapena egin du. Plegu itxi bidezko enkantean proposamenak aurkezteko epea ostiralean despedituko da. 

Epaitzetako bat Basabean eta mendian dago, Ikalabeta, Ikalabetako Zuloa eta Errekagaiztoko dermioetan. Baso aprobetxamendu hori pagoz, haritz amerikarrez eta bertako haritz eta basa pinu pixka batez osatuta dago; guztira 4.124 zuhaitz. Handik 78,8 m3 zura eta 862,7 m3 egur aterako dira. Haren truke udalak 10.948,27 euro nahi ditu. Bakaikuko Udalak saldu nahi duen azken epaitza Bargan dago, Atximendi, Dantzalarre, Txozaurdin, Burusnia, Iturlaitz eta Idoiko Sasia parajeetan. 6.419 oin pago dira, 712,5 m3 zur eta 4.594 m3 egur egiten dutenak. Bere balioa 8.143,45 eurokoa da.