Javier Kintana Urrestarazu

"Urtero pixka bat urrutiago joaten gara pagoa moztera"

Javier Kintana Urrestarazu. Ezkerrean goian, Hartzabal, maiatza jartzen den tokia.

Bakaiku da bi maiatza handi jasotzen dituen ibarreko herri bakarra. Langintza horretan egon zen Javier Kintana Urrestarazu.

Bakaikuarrak 1977an bueltatu ziren Hartzabalera, maiatza zutitzera. Ohitura atzo, atzera ere, berritu zuten. 

1. Aurten pagoa moztea tokatzen zen?
Beharko! Joan den urtean aurreko urtekoa jarri genuen eta ez dugu maiatzik. 

2. Nola eta noiz erabakitzen duzue aurreko maiatza erabiltzea edo pago berri bat moztea?
Eguneko eguraldi baldintzek agintzen dute. Mendira igo eta eguraldi oso txarra dagoela ikusiz gero, aurreko urtekoa jartzen dugu. Lasai ibiltzea uzten duen eguraldia badago, pago berri bat mozten dugu. 

3. Zein tamainako zuhaitza aukeratzen duzue?
Gutxi gorabehera, 20 bat metroko luzera du. Mila kilo eskas izanen ditu. 

4. Mozteko aizkolariren bat duzue? Edo denen artean?
Herri aizkolariak: animatzen denak aizkora hartu eta aritzen da. Normalean, hiruzpalauren artean mozten dute. Sekula ez du bakar batek bota. Horrela lana banatu eta ez da eztabaidarik izaten. 

5. Basoa eta jartzen duzuen tokia gertu daude? 
Idoitxarren mozten dugu pagoa eta Hartzabalera eraman behar dugu, jartzeko. 800 bat metro daude bien artean. Gainera, urtero pixka bat urrutiago joaten gara pagoa moztera, logikoki, gertuen zeuden zuhaitz onenak ekartzen joan garelako. Horiek bukatu ahala, Idoitxarren barrurago sartu behar dugu gustuko maiatza opatzeko. 

6. Gero jartzen den tokiraino eraman beharra dago. Nola moldatzen zarete?
Basotik enborra arrastaka ateratzen dugu. Lehen bizkar gainean zati handiagoan eramaten genuen, basotik atera bezain laster. Baina soken laguntzaz enborra arrastaka eramatea errazagoa da eta larrean ere, zati batean, arrastaka eramaten dugu eta, ondoren, bizkar gainean jarrita. Gainera, guk geuk sortutako oztopoa, alanbre hesia (azienda ez amiltzeko jarritakoa), ere gainditu behar dugu. Bidean ere illerra ugari daude ere. 

7. Enborra eraman eta jasotzeko zenbateko lagun koadrila behar duzue gutxienez?
Hogeiren batek eramaten dugu enborra. Ekartzeko goiz ibiltzen gara, 09:00etan mendian gelditzen gara eta jende gutxi gaude. Lehenik gosaldu egiten dugu, gero aizkora eta sokak hartu eta basoan sartzen gara. Hartzabalera iristerako jende gehiago dago, ikustera igo dena, eta edozein dago laguntzeko prest. Enborra lurrean gutxi sartzen denez, hari eusteko tenkatzeko hiru soka jartzen ditugu. Batzuetan 12:00etarako lanak despeditu eta gosaldu dugu. 

8. Enborra zutitzeko jendeaz aparte, zer erabiltzen duzue?
Beharrezko tresna guztiak urte batetik bestera gordetzen ditugu eta guztia prest dugula igotzen gara:   sokak, trokola (kabestrantea), metalezko sarde handiak, poleak eta enborra eskuz zutitzeko beharrezko guztiak. Aurten 45 urte betetzen dira maiatza jartzea berreskuratu genuela. 12-14 bat igotzen ginen eta halako zuhaitza zutik jartzeko nahikoa indarrik ez genuen. Aurreneko urtean, ezjakintasunagatik, kostatu zitzaigun. Eta hurrengo urteetan trokola erabiltzea erabaki genuen. Eta ordutik urtero erabiltzen dugu. Metalezko sardeak mendian gordetzen ditugu. Duela lauzpabost urte berriak egin genituen, aurrekoak ustelduta zeudelako. 

9. Berreskuratu aurretik, zenbat urtez egon zen maiatza jarri gabe? 
Nahiko. Aita handiagoa zela gogoratzen da maiatza jarri izanaz, baina ez da gogoratzen zenbat urtez egon zen jarri gabe. Hala 25 edo 30 urte inguru egon zela kalkulatzen dut. Mendian azienda genuen bakaikuarren artean maiatza berriro jartzeko ideia sortu zen eta berreskuratu genuen. Hala ere,  nik orduan 13-14 urte izanen nituen eta aurreneko bi urtetan ez nintzen etorri, apaizekin ikasten nengoen eta maiatzean etortzea ezinezkoa zen. Han bukatzean, 15 urterekin bueltatu nintzen eta urtero igo naiz. Beraz, 45 aldietatik 43 bat alditan igo izan naizela uste dut. 

10. Maiatza jasotzeko zein dira eguraldi baldintza onenak?
Okerrena haizea da. Euria egitea baino okerragoa da haizea. Urteren batean elurretan jaso dugu maiatza. Baina okerrena haizea da, arriskuagatik. Onena da ez euririk ez haizerik ez egotea. Urteren batean izan da, baina ez urtero. Haizerik ez egotearekin konforme, eta euririk ez badu egiten, hobe!

11. Maiatza jasotzeko gidari edo zuzendariren bat duzue?
Bai. Azken zazpi edo zortzi urtetan gazte bat arduratzen da. Berak adierazten du zer pauso eman, oso ongi gainera. Balio du. Mendiko eta herriko maiatzak jasotzean agintzen aritzen da. 

12. Nor arduratzen da maiatza kentzeaz?
Maiatzaren 31n kentzen da, 18:00ak edo 19:00ak aldera. Boluntarioak joaten dira. Enborrak dituen hiru tenka soketatik bi askatzen dira eta hirugarrenetik mendirantz tira egin eta enborra erori egiten da. Lurrean dagoela, jarri zaion tresneria guztia kentzen zaio eta gorde egiten da. 

13. Bakaikun sanjuanetarako beste maiatza bat jartzen duzue herrian. Zergatik?
Festak santiagotan ospatzen baditugu ere, San Joan da Bakaikuko patroia. Ez dakit maiatza zutitzearen esanahia zein den, baina herriko patroiarekin zerikusia izan dezake, San Joan egunez zutitzen baita. San Joan asteguna bada, larunbaterako uzten da. Betidanik jartzen zen. Zenbait urtez jartzeari utzi zitzaion eta duela 20 bat urte berreskuratu zen. Gaur egun, zutitzen den egunean udalak auzatea eskaintzen du eta giro ederra egoten da. 

14. Haurretan maiatza herrian jartzea ezagutu zenuen?
Bai. San Joan egunarekin izaten zen, meza nagusiaren ondoren. Ikasturte bukaerarekin bat egiten zuen eta suitzar opila eta txokolatina ematen ziguten eskolan egun hartan. Orduan beste toki batean zutitzen zen enborra. Gaur egun umeendako jolas parkean zabuak dauden tokian zutitzen zen maiatza. Enborra eskolarantz etzanda zegoen eta handik egiten zuten indarra zutitzeko. Gaur egun jolas parkeko zuhaitzen ondoan, plazan jartzen da, autoak aparkatzen duten tokian. 
 
15. Tamaina bera dute? 
Herrikoa handiagoa da, diametro eta altura handiagoa ditu. Herrikoak ziur mila kilo pisatzen dituela. Herriko abantaila da mendian baino jende gehiago elkartzen dela zutitzeko. Bietan zutitzeko teknika bera da: pitteka-pitteka zutitzea, eta zutitu ahala metalezko sardeak sartzen joan. Gainera, plazaren malda baliatuta gradu gutxiago zutitzen dugu. Eta mendiko eskarmentua dugunez, herrian ere trokola erabiltzen dugu. 

16. Noiz kentzen da? Nola? 
Santiago, festak, pasata. Iturmendin bezala, garabia baten laguntzaz kentzen da. Horrela ez da zorua hausten. Garai batean pago egurrak asko balio zuen. Urteko kintoak arduratzen ziren zuhaitza ekartzeaz eta hura botatzeaz eta saltzeaz. Diru hura Santa Agedarako-edo zen. San Joan egunez herrian jartzen zen zuhaitza kintoendako zen. Orain ez dakit zeinek mozten duen eta zeinendako den egurra.