Herriko estrategia planaren jarraipena egiteko elkartu ziren bakaikuarrak larunbatean. Udal ordezkariek hainbat gairen inguruko argibideak eman zituzten. Horietako bat eskolak hartu zituen eraikinaren ingurukoak izan ziren. Dagoeneko despedituta daude teilatua berritzeko lanak. Eraikineko beheko solairuan haur eta gazteendako txoko bat eta erabilera anitzeko gela bat sortu nahi dituzte. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren aurtengo aurrekontuan 125.000 euroko diru partida dago, EH Bilduk aurkeztutako emendakin bat onartu eta gero. Egoitz Urritza Lazkoz alkateak azaldu duenez, "diru horri dagozkion lanak azarorako despedituta egon behar dute. Dagoeneko lanen proiektua egin dugu eta lanak emateko deialdia egina dago". Gobernuaren diru horretaz aparte Bakaikuko Udalak aurtengo aurrekontuetan lan horiek egiteko beste 130.000 bat euro jaso ditu. "Transferentzia bidez jasoko dugun diruarekin oinarrizkoak diren lanak eginen ditugu, azarorako justifikatuta egoteko. Eta udalaren diruarekin gainontzeko lanak", azaldu du alkateak. "Horrela, ia dena despedituko genuke. Pareten isolamendua eta leiho berriak jartzea faltako litzateke" gaineratu du. Urritzak gehitu duenez, isolamendu lanak egiteko Next Generation deialdi batera proiektua aurkeztu du udalak, eta erantzun zain daude.
Bakaikuarrak eraikin bereko lehen solairua konpontzearen alde daude. Horregatik, Bakaikuko Udala Nasuvinsarekin elkartu eta aurre hitzarmen bat sinatu zuten, batzarraren oniritzia jaso zuena. Enpresa publikoko teknikariek bideragarria ikusi dute han bi etxebizitza eraikitzea. Hitzartutakoaren arabera babes ofizialeko etxebizitzak lirateke, alokairura bideratutakoak. "Orain hitzarmena gehiago zehaztu behar dugu. Lanak egin ondoren, etxebizitzak Nasuvinsak kudeatuko ditu. Bere inbertsioa berreskuratu arte, etxebizitzak haien esku zenbat urtez egonen diren zehaztu behar da, esaterako. Momentuz jasoa dago Nasuvinsak lanen %85 bere gain hartuko zuela eta udalak %15. Baina teilatua konpondu dugunez, kopuru hori jaitsiko da", zehaztu du alkateak. Gobernuaren enpresak, etxeko, gehienez 50.000-60.000 euroko inbertsioa aurreikusten du. Udalaren ekarpena, guztira, 35.000 euro ingurukoa litzateke.
Bestalde, Bakaikuko Udalak 434.829,86 euroko aurrekontua du aurten, haietatik 149.911,82 euro inbertsioetara bideratu ditu. Nagusiak aipatuta daude. Argiteria publikoko bonbillak LED argiengatik ordezkatzeko dirulaguntza eskatu zuen udalak joan den urtean, baina oraindik ez du erantzunik jaso. Bestetik, Nafarroako Gobernuaren Tokiko Azpiegitura Planera zein lan aurkeztu ditzakeen aztertzen ari dira udalean.
Denda eta auzolana
Zegoen bakarra itxi ondoren, bai udalak bai herritarrek beharrezko jo zuten herrian denda bat izatea. Udalak Maldai kaleko 3. zenbakian bajera bat erosi zuen han denda kokatzeko. Hura denda bihurtzeko lanak dagoeneko despedituta daude. Haiek egiteko 48.000 euro bideratu ditu udalak eta beste 20.000 euro hozkailuak eta bestelakoak erosi eta denda janzteko. Horiek erosteko bidean dago udala. Cederna-Garalurren bidez 50.000 euroko dirulaguntza eskuratu du ere. Bitartean, bakaikuarrek denda kudeatuko duen kooperatiba sortzeko lanean segitzen dute. Urritzak azaldu duenez, "lan horiek aurreratuta dituzte. Bi langile lanaldi erdian ariko dira. Eta festen aurretik zabaldu nahi da".
Dagoeneko hainbat bakaikuarrek egin dute herriaren alde urtean egin behar dituzten bost orduko lanak. Udalak deialdia egiten segituko du. Baina irailean auzolanik egin ez dutenek udalaren jakinarazpena jasoko dute. Hala ere, alkateak bakaikuarrak ekimena hartzera gonbidatu ditu: "auzolanak ez dira bakarrik lan fisikoak. Esaterako, herritar batek festetan haurrendako jolasak eginen ditu auzolanean. Berak proposatu zuen, udalean egoki jo genuen eta horrela eginen du auzolana. Udalak deialdiak egiten segituko du, baina jendeak egin diezazkiola proposamenak udalari".
Osasun zerbitzua
Bakaikuarrak herriko kontsultategiarekin kezkatuta daude, "gero eta zerbitzu gutxiago dagoelako". Aspaldi astegun guztietan zegoen zabalik. Asteazkenak ixten hasi ziren, egun horretan medikua eta erizaina etxeetara bisitak egin eta Etxarri Aranazko osasun etxean bilerak zituztelako. Pandemiarekin kontsultategia astearte eta ostegunetan 11:30etik 15:00etara zabaltzera pasa zen. Iturmendin egunero daude eta Urdiainen astelehen, asteazken eta ostiraletan 08:00etatik 11:30era.
Udal ordezkariak mediku eta erizainarekin bildu ziren eta esan zieten beste bi egunetan etxeetara ere joaten zela. Eta beti Iturmendira joateko aukera dagoela, baita Bakaikun hitzorduak bukatzen direnean ere. "Adinekoak gaixotzen badira ezin da hurrengo egunera arte zain egon, edo Iturmendira joan. Horrek jendeari asko zailtzen dio. Familia mugiarazi behar dute edo oinez joaten dira Iturmendira", azaldu du alkateak.