Paleta goma

Nafarroako Foru Komunitateko Pala Torneoa indartsu hasi da Bakaikun eta Berriozarren

Guaixe 2022ko eka. 1a, 12:00
Txapelketan lehiatu zen bikoteetako bat. EMAKUME MASTER CUP

Bakaikuko frontoiak lau triangeluar hartu zituen igandean. Torneoko finalak ekainaren 19an jokatuko dira, Altsasun

Emakumezkoen Nafarroako Foru Komunitateko Pilota Torneoari Pala Torneoak hartu dio lekukoa. Emakume Master Cupek Nafarroako Gobernuarekin eta bestelako babesleekin antolatzen duen paleta goma torneoa asteburuan hasi zen, igandean Berriozarren eta Bakaikun jokatutako jardunaldi bikoitzarekin. Emakume Master Cupetik adierazi dutenez, “indartsu” hasi da txapelketa. “Pala maratoia jokatu da, eta ilusioa eta aniztasuna izan dira jardunaldiaren osagai nagusiak”. 

Guztira, 50 pilotari lehiatu dira, 12 elitetan, 14 22 urtez azpikoetan eta 24 kadeteetan. Txapelketa sistema, hau da, jardunaldi berean hainbat partida labur triangeluar jokatzea, asko gustatu zitzaien iaz pilotariei, pilotari berriekin lehiatzea eta esperientziak partekatzea ahalbidetzen dielako, eta aurten ere horren alde egin da. “Aurreko urtearekin alderatuta maila igo egin dela ere ikusi da, eta horrek finalerdi eder eta borrokatuak iragartzen dizkigu” azaldu dute Emakume Master Cupetik. 

Berriozarko frontoiko jardunalditik, jokatutako hiru triangeluarretatik ondoko bikoteak sailkatu dira: Murillo-Igoa, Espinal-Saez Azarmendi, Saragueta-Ardanaz, Gorostiaga-Arrillaga, Quevedo-Sarasibar eta Otxoa-Eizagirre, elite mailan, eta kuadrangeluarretik Eguskitza-Artazkoz eta Anitua-Purroi 22 urtez azpikoen mailan. 

Bakaikuko frontoiko jardunaldian jokatutako lau triangeluarretatik, ondoko bikoek egin dute aurrera, kadete mailan: Urgoiti-Bengoetxea, Riobo-Arrosagarai, Inuntziaga-Zabarte eta Buruaga-Fernandez.