Sua eta maiatza, Bakaikuko solstizioaren ospakizunean

Guaixe 2022ko eka. 20a, 18:52

Ekainaren 23an, ostegunean, 'Maddi pirata' ikuskizuna izanen da Barnetegiak antolatuta, eta gero su handia piztuko dute. Ekainaren 25ean, larunbatean, maiatza herrian zutituko dute. 

Udako solstizioko suak gauza zaharrak eta txarrak erretzeko baliatzen dira, aro berrian horiek ez izateko, eta horrela egin ohi dute Bakaikuko suan. Bi urte ospatu gabe egon ondoren, ekainaren 23an, ostegunean, San Juan gaua ospatuko dute. Gainera, Barnetegiak 30 gehi bi urteurrena ospatzen ari da, eta urtean zehar zenbait ekimen antolatu ditu, tartean ostegunean izanen den Zirtaka antzerki taldearen Maddi pirata haurrendako antzezlana. 17:00etan izanen da, frontoian. 

Ondoren, 19:00etan, meriendak izanen dira eta 20:00etan auzatea. Behin ilunduta, 22:00ak aldera, su handia piztuko dute. 

Ekainaren 24an, ostiralean, San Juan egunean puzgarriak izanen dira goizez eta arratsaldez, eta 17:00etan udalak opil banaketa eginen du, udaletxean. 18:00etan apar festa eginen dute, eta bustitzeko arropa eta txankletak janztea gomendatu dute. 

Larunbatean, ekainak 25, 18:00etan, maiatza herrian zutituko dute eta, ondoren, pintxo pote izanen da, BGAk antolatuta.