Bakaikuko mapa toponimikoko lantaldea

"Bakaikuko toponimia betirako bilduta dago"

Maider Betelu Ganboa 2022ko eka. 28a, 14:45

Jesus Ondarra, Jose Ignazio Urriza, Lander Urritza eta Andoni Otamendi, maparekin. Pedro Miguel Kintana falta da. UTZITAKOA

Jesus Ondarrak, Jose Ignazio Urrizak, Lander Urritzak, Andoni Otamendik eta Pedro Miguel Kintanak Bakaikuko dermioen mapa egin dute, Ondarraren 'Bakaikuko leku-izenez hausnarrean' liburuan oinarrituta. Mapa udaletxean eska daiteke

1. Bakaikuko mapa toponimikoa aurkeztu duzue, herriko izen guztiak jasotzen dituena. 
Lander: Jesus Ondarrak idatzitako Bakaikuko leku-izenez hausnarrean (Pamiela) liburuan oinarritu gara mapa osatzeko.
Jesus: Liburuan agertzen ziren 289 izen nagusiez gain, bakaikuarrekin bildu eta gero beste zazpi izen berri sartu ditugu.

2. Bakaikuar adinduekin kontsultatu al duzue?
L.: Pedro Miguel Kintana artzaina izan zen, Jose Ignazio Urriza ehiztaria basoan asko ibiltzen da, Andoni Otamendi ere asko ibili da mendian… guztien artean atera dugu lana aurrera.  

3. Nola banatu dituzue lanak?
L: Andonik eta biok lan teknikoa egin dugu, mapa diseinatu, Jesusen lana oinarri. Gainontzekoak adinduekin bildu dira eta baso eta dermioetatik buelta dezente eman dituzte izen guztiak ongi kokatzeko. 

4. Beraz, mapa %100 bakaikuarra dela esan daiteke.
L. Altsasun inprimatu dugu, bestela guztiz bakaikuarra da. 

5. Izen bereziren bat dago, arreta berezia sortu dizuena?
J.: Arreskileta. Ernestok aipatu zion Andoniri. Nire liburuan ez da agertzen. Garai batean kaleak lurrezkoak ziren. Aberats batzuk etxe eder bat egin zuten, eta galtzadara jaisteko harrizko eskilara batzuk egin zituzten. Hortik Arreskileta. 
A.: Arreskiletaz gain, aitak esan zidan Liazazar ez zela liburuan agertzen. Jose Ignaziok Lizarrabide aipatu zuen; Bakaikutik Lizarragara bertatik joaten omen zen. Aurretik ez zeuden jasota. 

6. Zein itxura du mapak?
A.: Izen asko daude, baina mapa irakurterraza izaten saiatu gara, diseinu erakargarria egiten.
L.: Andonik egin du azken mapa. Ordu asko sartu ditu basoan GPS-arekin dermio bakoitzeko mugak markatzen. 

7. Mapa nahi duenak udaletxean eskatu behar du, ezta?
L.: Bai, ekainaren 27ra arte eska zitekeen. Udalak etxe bakoitzari bana oparituko dio, baina aurretik eskatu behar da. Eta norbaitek mapa gehiago nahi baditu, eskaria lasai asko egin dezake. Jende asko ari da eskatzen.

8. Garai batean herritar guztiek leku izenak erabiltzen zituzten, basoan eta soroetan asko ibiltzen zirelako, baina gaur egun gutxi erabiltzen dira.
J.: Bai, eta saiatu beharko genuke leku izenak bizirik mantentzen. Hau da, erabiltzen. Jendeak badaki basoan ibiltzen, baina ez daki non dagoen. Eta leku horrek izena du. Jendea animatuko nuke izen horiek erabiltzera.
L.: Aurki mapa digitala banatuko da, telefonoan izan eta mendian gaudenean kontsultatzeko. Tresna ona izango da, jendeak ikas dezan. 

9. Bakaikuko toponimia gordetzeko lan itzela egin duzue.
L.: Sekulako lana egin da. Bakaikuko leku izenak betirako gorde dira, eta ez dira inoiz galduko. Liburuarekin eta maparekin gure historiaren zati oso garrantzitsua jaso dugu, eta hori da politena. 
J.: Bakaikuko toponimia bilduta dago. Bi tresna ditu, osagarriak direnak: liburua eta mapa. Toponimiaren informazio zehatza eta osoa nahi duenak, biak erabil ditzake.
A.: Gainera, mapa hau ez dago itxita. Norbaitek izen berriren baten berri badu, mapa eguneratuko dugu. 

10. Mapa egitea lan luzea izan da?
A: Bai. Aspaldi hasi ginen. Izenak aztertu, GPS-arekin mugak markatu… dermioetan buelta dezente eman behar izan dira. 
L.: Pandemiak lana atzeratu zuen, eta kontuan hartu behar da aurretik Jesusek liburuarekin egindako lana egina zegoela. 

11. Lana bukatutzat eman duzue ala tokiak karteltxoekin izendatzea aztertzen ari zarete?
J.: Andoniren osabak, Jesus Otamendik, Beheko Basoko zenbait tokitan izenak jarri zituen.
A.: Jose Ignazio ere izenak markatzen hasi zen bere kabuz. Dena den, ez dugu erabakirik hartu.