Astekaria

"Nire marka pertsonala hobetzea da aurtengo erronka"

Maider Betelu Ganboa 2022ko uzt. 5a, 14:30
June Kintana Nerjan, urrezko dominarekin. UTZITAKOA

June Kintana atleta bakaikuarrak Espainiako Disko Jaurtiketa Txapelketa absolutua irabazi zuen Nerjan eta asteburuan Nafarroarekin Federazioen artekoa jokatu zuen Granollersen, atzera ere gailenduz

Ekainaren 25ean eta 26an Espainiako Atletismo Txapelketak jokatu ziren Nerjan (Andaluzia). Grupompleo Pamplona Atlético taldeko June Kintanak emakumezkoen disko txapelketa irabazi zuen, kilo bateko diskoa 54,98 metrora jaurti eta gero. Bigarren Natalia Sainz sailkatu zen (52,66 m) eta hirugarren Paula Ferrandiz (50,61 m). Kintana hirugarrenez da Espainiako disko jaurtiketako txapeldun absolutua. Asteburuan Granollersen jokatutako Federazioen Arteko Txapelketan lehiatu zen, Nafarroarekin, eta atzera ere garaipena lortu zuen (56,02 m). Nafarroa seigarren sailkatu zen, meritu handiko postua.

Zure azkeneko jaurtiketan egin zenuen denborarik onena, 54,98 m. Nola joan zen txapelketa? 
Nerja Malaga dela kontuan hartuta ez zuen bero handiegirik egin. Mendebaldeko haizea sartu zela esan ziguten; haize hori lehorragoa da eta ez zegoen normalean egoten den horrenbesteko hezetasuna. Alde horretatik, oso ongi. Txapelketari dagokionez, hastea kosta zitzaigun. Hasieran jaurtiketak ziurtatzen saiatzen gara, hau da, baliogabekoak ez izaten. Hasieran, urduri samar nengoen. Entrenamendu onak egin ditut, eta azken txapelketak onak izan dira, baina betiko urduritasun hori nuen, txapelketa nola aterako zen; baina proba aurrera joan zen heinean lasaitu nintzen eta azken jaurtiketa hoberena izan zen. Azkenean, oso ongi. 

Azkenaldi honetan zure progresioa oso ona izaten ari da. 2017 urtekoa da zure marka pertsonal onena, Bydgoszcz hirian (Polonia) lortutako 56,30 metroko jaurtiketa, eta berriki, ekainaren 4an, marka apurtzear egon zinen, Los Corrales de Buelna Sari Nagusian 56,20 m jaurti baitzenuen.
Bai, hain zuzen ere, nire marka pertsonala hobetu nahian hor nabil lanean. Nerjan oso ongi ikusten nuen neure burua, marka apurtu nahi nuen eta tentsioarekin aritu nintzen. Ez nuen marka hobetzerik izan, baina urrea lortzea zen helburua eta alde horretatik oso pozik nago. Asteburuan Granollersen Espainiako Federazioen Arteko Txapelketa jokatu zen eta nik Nafarroako federazioarekin hartu nuen parte. Aurreko asteburuan ez nuen nire marka hobetu, eta nahiz eta Granollersen lasaiago aritu eta jaurtiketa hobea egin (56,02 m) ez nuen nire marka ontzerik izan.

Zure nahi hori ikusita aurtengo helburua zure marka gainditzea dela argi dago.
Bai, hori da nire lehenengo helburua, nahiko nukeena. Urte ona izaten ari da, sentsazioak onak dira eta hori aprobetxatu beharra dago. Ea zorte pixka batekin marka hori gainditu ahal dudan. Sekulakoa litzateke. 

Nazioarteko txapelketetan aritzeko aukera izango duzu?
Zaila izango da. Mundialak berehala jokatuko dira, eta eskatzen duten gutxienekotik, 61 metrotik, urrutik geratu naizenez zaila da. Europako gutxienekoa baxuagoa da, baina gutxieneko hori ez baduzu lortzen federazioak ez zaitu hautatzen eta zaila dut. Dena den, nik nire marka pertsonala hobetzen badut, horrekin oso pozik egongo nintzateke. 

Espainiako hiru txapelketa jokatu dituzue segidan: kluben artekoa, absolutua eta asteburuan federazioen artekoa. Hau eromena.
Bai, azken bi hilabete hauetan ia astebururo ditugu txapelketak eta astean zehar meetingak. Oraingoz ongi sentitzen naiz, sentsazio onak ditut, eta ahal dudan arte saiatuko naiz sasoia luzatzen. Dena den, uste dut uztailaren 16an azken txapelketa egingo dudala, Leongo kontrol saio bat, eta hortik aurrera atseden hartuko dudala. 

Nolakoak dira zuen oporrak? Kirola alde batera uzten duzue edo mantenua egiten duzue?
Gutxieneko mantenua egiten dut. Ni ez naiz bi aste ezer egin gabe egoten. Bakaikun banago mendira joateko aprobetxatzen dut, sasoia ez galtzeko. Pentsatzen dut abuztu erdialdera arte atseden hartuko dudala eta hortik aurrera entrenamendu normalekin hasiko naizela. Oraindik ez dut entrenatzailearekin adostu, baina gutxi gorabehera horrela izango da, pixka bat deskonektatzeko. 

Hirugarrenez Espainiako txapeldun absolutua zarela ospatu al duzu?
Oraindik ez. Jende guztiari esaten diot ospatu beharreko guztia Bakaikuko festetan ospatuko dudala. Pandemia garaitik ez ditugu festa normalak bizi izan eta aurten plazan dantzatzeko eta kuadrillarekin egoteko oso gogotsu nago.