atletismoa

Nafarroa seigarren Espainiako Federazioen Arteko Atletismo Txapelketan

Guaixe 2022ko uzt. 7a, 10:20
Federazioen Arteko Espainiako Atletismo Txapelketan parte hartu zuen Nafarroako selekzioa, June Kintana tartean. NAFARROAKO ATLETISMO FEDERAZIOA

Bukaerara arte bosgarren postuagatik borrokatu zen sekulako maila eman duen talde nafarrak. June Kintana izan zen Granollersen Nafarroarekin lehiatu zeneko kirolari bat

Granollersek Espainiako Federazioen Arteko Atletismo Txapelketa hartu zuen asteburuan eta Nafarroako selekzioak sekulako maila eman zuen. Nafarroako taldean lehiatu zirenen artean, June Kintana Larraza disko jaurtitzaile bakaikuarra zegoen. Kintanak emakumezkoen disko jaurtiketa irabazi zuen (56,02 m) eta puntu garrantzitsuak eman zizkion Nafarroari. Larrazak jaurtiketa ederra egin zuen –6 metroko aldea atera zion bigarrenari, Andrea Alarconi (50,14 m) baina ez zuen bere marka pertsonala gainditu (56,30 m).

Nafarroak sekulako maila eman zuen, eta bukaerara arte bosgarren postua lortzeko borrokan egon zen Gaztela eta Leonekin. Azkenean, Nafarroa seigarren sailkatu zen (420 puntu) eta Gaztela eta Leon bosgarren (426,15 puntu), eta hori ere sekulako lorpena da Nafarroarendako. Federazioen Arteko txapelduna Kataluniako selekzioa izan zen (575 puntu), hamaikagarren aldiz, Andaluziaren (528 puntu) eta Madrilen (490,5 puntu) aurretik.