Disko jaurtiketa

Bakaikun behar bezala ospatuko du

Maider Betelu Ganboa 2022ko uzt. 22a, 11:30
June Kintana, Corrales de Buelnan. UTZITAKOA

June Kintana disko jaurtitzaile bakaikuarrak 57,83 metroko jaurtiketa egin zuen eta bere errekorra apurtzeaz gain, 2001etik Rita Lorak zuen Nafarroako errekorra apurtu du

Denboraldia ezin hobe despeditu du June Kintana Larraza atleta bakaikuarrak. Disko jaurtitzaileak 57,83 metroko jaurtiketa egin zuen asteazkenean Corrales de Buelnako (Kantabria) atletismo proban, eta aurtengo helburua lortu zuen: bere marka pertsonala –2017an Polonian lortutako 56:30 metroak– gainditzea, metro batean baino gehiago. Horretaz gain, 2001etik Rita Lorak zuen Nafarroako errekorra apurtzea lortu du bakaikuarrak. 

“Oso kontentu nago. Denboraldiari amaiera bikaina eman diot. Denboraldiko helburu guztiak bete dira, eta esfortzuak saria izan du. Bide honetan lagundu eta laguntzen nauten guztiekin oso eskertuta nago” azaldu zuen Kintanak Corrales de Buelnan, bere marka pertsonala gainditu bezain pronto. 

Dagoeneko Bakaikun dago eta asko du ospatzeko gaur, ostirala, hasiko diren festetan.