Iturrarte frontoiak 40 urte beteko ditu gaur

Guaixe 2022ko uzt. 26a, 12:08
Bakaikuko frontoia, barrutik.

1982ko garilaren 26an, astelehen goizean, mustu zuten

Duela berrogehi urteko Bakaikuko festen egitarauak ekitaldi berezia zuen astelehenerako: Iturrarte frontoiaren mustutzea. Goiz hartan, Aralarko aingeruaren irudia kantxan zela, mustutze ekitaldia egin zen. Egunero ez da frontoi bat mustutzen eta, horregatik, bakaikuarrek harmailak bete zituzten. Jose Miguel Ondarra alkatea zela eraiki zen frontoiak 24 milioi pezeta balio izan zuten (144.242,9 euro). Bakaikuarrei frontoia egiteko asmoa 1974an sortu zitzaien, baina hura gauzatua ikusteko zortzi urte pasa behar izan ziren. 

Arratsaldean frontoiak aurreneko pilota jaialdia hartu zuen. Nafarroako pilotari afizionatu onenek jokatu zuten jaialdia izan zen. Aurreneko partidan Goikoetxea eta Elizalde Rico III.a eta Urdanozen kontra neurtu ziren. Partida nagusian, berriz, Sanz eta Errandonea Olaetxearen eta Satrustegiren kontra aritu ziren. Pilotariei eta zaleei arraro egin zitzaien ezker paretako berde iluna eta frontis beltza.