"Bideen artean sortutako herri bat da, eta bideek garrantzia izan dute nortasunean". Bi bide oso garrantzitsu aipatu ditu Iñaki Urteaga Ardoyak. Alde batetik, errege bidearen aldamenean kokatuta dago herria. Bide hauek egiteko Santiyoko bide zaharra berrerabili zuten. Aldi berean, Santiyoko ibilbide zahar hori Astorgatik Bordelera zihoan Iter 32 erromatar bidearen gainetik pasatzen zen. Herrian garrantzia izan duen beste bidea mandazainek erabiltzen zuten bidea zen, Gipuzkoarantz joaten zena.
Santiyo Jimeno Juriok Rutas menores de Santiago liburuan aipatzen du Santiyoko bide zaharrean Bakaiku ezinbesteko "igarotze herria" zela. Bide hori erromatar garaiko Iter 32 bidetik pasatzen zen. Zamartzen egindako indusketei esker "ziurtatu" daiteke Astorgatik Bordelera joaten zen galtzada hori Sakana ia osotik pasatzen zela.
Urteagak azaldu duenez, gaur egungo "imaginarioan" galtzada batek harlauza handiak ditu, baina hori bakarrik hirietan gertatzen zen. Ikerlariek aurkitu dute erromatarrek galtzadak harri koxkorrekin egiten zituztela.. Zabalera oso handia zuten, lau edo sei metroko zabalera, beraien helburua bertatik gurdiak pasatzea baitzen". Bide hauek, gainera, oso zuzenak ziren, Bakaiku zeharkatzen duen eta Iturmendiko Aitzagara, Urdiainera eta Altsasuko Santo Kristo Otadiakoara doan bidea bezala.
Zantzuak
"Bide asko daude. Santiyoko bideko berreskurapen proiektuan laguntzen eta bultzatzen aritu ginen, eta argi dago Sakanatik pasatzen dela". Bakaiku toki aproposa dela esan du, "botila lepoa" deitutakoa egiten duelako. "Sakana Bakaikun pixka bat estutzen da, eta gero berriz zabaltzen da". Santiyoko bidea "oso bide garrantzitsua" izan zen. Plaza Santiyo deitzen da, Santiago omenezko festak ospatzen dituzte eta Santiyo ermita, 1910ean eraikitakoa bada ere, aurretik ere hor zegoela jakin badakite. Ermita dagoen zonaldea Santiyoalde deitzen da eta aldamenean dagoen etxe bat peajearena zen eta, bestea, 1717an ospitalea zela aipatzen da. "Badago beste etxe bat, maskorraren etxea deitzen diotena, eta ez dakigu ostatua zen, baina argi dago Santiyoko bidearekin harremana duela".
XI. mendean Sakanatik pasatzen zen Santiyoko bide zaharra erabiltzeari utzi zioten. Nafarroako Erreinua musulmandarrei tokia irabazten joan zen, eta Antxo III. Nagusia erregeak beste bide bat ireki zuen, Frantsesen bidea bezala ezagutzen hasi zena.
Zamazainak
Santiyoko bidea beste bide batekin gurutzatzen da Bakaikun, zamazainenarekin. Mandazainak Nafarroako erdialdetik Urbasa zeharkatuz itsasorainoko bidea egiten zuten pertsona ziren, eta mandoak erabiltzen zituzten gurdiak garraiatzeko. Burunda aldean oso ogibide garrantzitsua izan zen, eta zenbait bakaikuar mandazain merkatari bihurtu zirela azaldu du Urteagak: "Bat adibidez Goyaren laguna izan zen, eta Goyak erretratu bat egin zion". Gaur egun, oraindik ere, mandazain horien zantzuak badira herrian. San Anton kofradia urtero biltzen da eta meza eta bazkaria egin ez ezik, mendeak dituen liburu batean kontuak ere egiten dituzte. Bi pertsonaia nagusi daude kofradian: maiordomoa eta beleroa. "liburua ongi irakurri nahiko nuke. Ekonomia kontuak eta zantzu batzuk agertuko dira".
Karlistadak
Mandazainen bide hori bi Karlistadetan oso garrantzitsua izan zela azaldu du Urteagak. "Jakin badakigu gerra hornitzeko base bat izan zela. Fabrika arma fabrika izan zen". Lizarra eta Oñati lotzen zituen bidea zen, eta bide zaharra ere konpondu omen zuten artilleria garraiatzeko. "Herriari bere puntua eman zioten". Karlistadaren ondoren, Bakaikuko demografiaren gainbehera etorri zen. "Bakaikuk 500 bat biztanle zituen garai hartan; gero, beherakada hasi zen".
Gaur egun, Santiyoalden dauden etxe zaharrak konpontzen hasi dira eta horrek "herriari indarra eta iraupenerako grina" ematen dizkiola uste du Urteagak.